ETXEBIZITZA IZATEKO ESKUBIDEA

Elkarrekin Podemoseko Programa (deskargatu)

Etxebizitza izateko eskubidea, hain zuzen, pertsonek bizitza duina izango dutela bermatzeko oinarrizko eskubidea da. Alabaina, argi ikusi da gizarte eskubide honen unibertsalizazioan aurrerapausorik ez emateaz gainera, atzerapausoak izan direla. Hala, argi dago etxebizitzaren egoera gizarte ongizatearen mailaren adierazle ona dela.

Etxebizitzak eskubide bat izan beharrean negozio izaten jarraitzen du, nahiz eta aurten EAEko Etxebizitza Legea onartu. Etxebizitza espekulazio iturri izan da, modu lazgarrian, gainera. Eta espekulazio hori dugu krisialdi ekonomiko honen errudun nagusia; izan ere, higiezinen burbuilak izan duen “zulatu” entzutetsuak ondorio mingarriak izan ditu herritarrentzat.

Enplegu eta Gizarte Politiketako Saileko Estatistika Organoak etxebizitza premiei eta eskariei buruz 2015ean egindako inkestaren arabera, EAEko etxebizitza politika publikoen paradigma aldatzeko premia dagoela ondorioztatu da:

2015ean handitu egin zen sarrera berekiak izanda lehenengo etxebizitza eskuratzeko beharra zuten pertsonen kopurua, baina bostetik bakarrak baino ez zuen uste etxebizitza eskuratzeko behar adina diru sarrera bazuenik. Eta 104.176 pertsonak zuten lehenengo etxebizitza eskuratzeko premia, emantzipaziorako premia adieraziagatik inkesta egiteko unean inolako errentarik edo diru sarrera berekirik ez zutenak aintzat hartuz gero (31.340 pertsona).

104.176 pertsona horiek, hain zuzen, gurasoekin edo tutoreekin bizi diren 18 urtetik 44 urtera arteko 281.082 pertsonen % 37,1 dira. Ehuneko hori % 14,3ra murrizten da, baldin eta 18 urtetik 44 urtera arteko EAEko herritar guztiak kontuan hartzen badira. Horietatik 72.836k badute diru sarrera edo errenta berekirik etxebizitza eskuratzeko prozesua finantzatzeko. 2013. urtearekin alderatuta, kopuru hori % 11,5 handitu da.

Genero faktoreari dagokionez, diru sarrera eta errenta berekiak dituzten herritarren artean, emantzipatzeko premia handiagoa sumatzen da 18 urtetik 44ra arteko emakumeengan gizonezkoengan baino (% 48,4 eta % 45,9, hurrenez hurren).

Euskal etxebizitzaren merkatuaren errealitateari buruzko beste mota bateko datuak aztertuz, ikus dezakegu Euskadin eraikitako ehun etxebizitzetatik zortzi hutsik daudela, eta erdiak gizarte alokairura bidera litezkeela; alegia, ia 36.000 etxebizitza egon litezke alokagai. Bada beste datu garrantzitsu bat: eraberritzeko premia duten etxebizitzak 58.000 dira; eraikuntza berririk egin gabe banakako esku-hartzeren bat behar dutenak, berriz, orotara, ia 95.000.

Bestalde, Euskadin 625 hipoteka betearazte izan ziren 2015ean. Horietako 300 etxebizitzenak ziren, gehienak erabilitakoak (291). Nahiz eta datuak, berriz ere, estatuko beste autonomia erkidego batzuetakoak baino hobeak izan, Euskadin ere gora egin zuten hipoteka betearazteak (% 14,8; 176 izatetik 202 izatera, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak emandako datuen arabera).

Egoera hori ikusita, Elkarrekin Podemosen proposatzen dugun etxebizitza politikaren abiaburua izango da errotik onartzea etxebizitza herritar orori bermatu beharreko eskubidea dela; baina, betiere, 3/2015 Legearen planteamendutik harago joanez, hark albo batera uzten baititu pertsona zaurgarrienak.