BIODIBERTSITATEA ETA NATURAGUNEAK

Elkarrekin Podemoseko Programa (deskargatu)

Azken bi hamarkadetan, EAEko natura eta landa eremu zabaletan azpiegitura handi ugari eraiki dira, haiek bizitegi eremu edo jarduera ekonomikoetarako eremu bilakatzeko. Naturako baliabideak urbanizatzeko eta ustiatzeko joera horren ondorioz, lurraldea zatikatuta geratu da, eta ekosistemetan barrerak sortzeaz gain, sistema natural asko eta asko desegin dira (horietako batzuk ingurumen balio handikoak), bai barnealdean, bai itsasbazterrean.

Aurrekaririk gabeko biodibertsitate galera gertatzen ari da Euskadin eta planeta osoan, eta horren arrazoiak honako hauek dira: lurraldearen zatikatzea; habitat naturalen galera lurraldearen antropizazioagatik; espezie inbaditzaileen agerpena eta ugaritzea; baliabideen gehiegizko ustiapena; kutsadura, eta klima aldaketa.

Elkarrekin Podemosen argi dugu biodibertsitatearen galera geldiaraztea beharrezkoa dela etorkizuneko belaunaldiei bizitzeko moduko planeta bat bermatu ahal izateko. Lurraldearen eta natura ondarearen babesari modu integralean heldu behar zaio, naturaguneak elkartuz eta natura erakusleihotzat hartzeari utziz.