Edukira joan

LURRALDE ANTOLAMENDUA ETA HIRIGINTZA

Elkarrekin Podemoseko Programa (deskargatu)

Euskal herritarrok bizitoki dugun lurraldea oso antropizatua dago; biztanle dentsitate handia du, eta garapen industrial oso indartsua. Aldagai horien ondorioz, aztertu egin behar dugu nola antolatu dugun lurraldea orain arte eta zer lurralde eredu sustatu behar dugun hemendik aurrera, denboran zehar gizarte eta ingurumen jasangarritasuneko irizpideak hartuta iraungo duen gizartea bermatzeko. Lurralde antolamenduan kontzeptu berriak sartu behar dira, hala nola natura eta kultura ondarearen babesa, mugikortasun jasangarria, biodibertsitatea, gizarte kohesio, ekoizpen eta kontsumoko zirkuitu laburrak edo ekonomia berdea, tokikoa eta soziala; hortaz, gaurdaino garatu dugun eredua zaharkituta dago.

Vitoria-Gasteizen, Donostialdean eta Bilboaldeko metropoli eremuan bizi dira euskal herritarren % 70. Hirigune horietako bizigarritasun baldintzetan eragina dute kutsadurak, espazio publikoaren kalitaterik ezak eta mugikortasun motordunaren eztandak, eta faktore horiek murriztu egiten dute bertako biztanleen bizi kalitatea.

Elkarrekin Podemosek hiri ereduaren hobekuntza nabarmena proposatzen du. Eredu berriak hiri trinkoa, mistoa eta erabilera anitzekoa du oinarritzat, bizikidetzako eta aniztasuneko espazioa izango dena, nagusiki. Ingurune hiritarreko eredu horretan, bizitza ingurumen eta giza kalitate handiko espazioetan garatzen da, non ahalik eta gehien murriztu den garraio motordunaren beharra eta garraio publikoak lehentasuna duen ibilgailu pribatuekiko. Hala bada, bizitegi eremuak pertsonen neurrira egindako guneak dira, ez autoen neurrira egindakoak, eta bertan motorrik gabeko garraioek dute nagusitasuna. Hirigintza jendearen zerbitzura dago, eta ez da ez finantzaketa modu bat, ezta enpresek onurak lortzeko bide bat ere.

Hiri eredu horren xedea da materia eta energia ziklo autonomoak sustatzea, ur, energia eta materialen eskaria murriztea, hondakinen berrerabilera eta birziklatzea erraztea, eraikinen birgaitzea eta eraginkortasun energetikoa sustatzea, etab.

Ezinbestekoa d

a gizabanakoen bizi kalitatearen gaineko eragin kaltegarriak ezabatuta dituzten espazio publiko handiagoak sortzea, aukera emango dutenak hurbileko ekosistemak sartzeko, hiriko baratze ekologikoak ipiniz, korridore berdeak ezarriz edo kokaleku dituzten jatorrizko ekosistemen zati bat mantenduz, besteak beste.

Kutsadura: airea, zarata, lurzorua:

Gure hirigune nagusi askotako airearen kalitatea hobetzeko modukoa da, bederen. Kutsadura atmosferikoak eragiten ditu heriotza goiztiarretako asko eta arnasketako gaitz ugari. Funtsezko kausa da ibilgailuren gehiegizko erabilera, gure herriek eta hiriek antolamendu desegokia izatearen ondorio, neurri handi batean. Industriako isuriek eta erregai fosilak (gasolioa, gas naturala) darabiltzaten etxeko berogailuek ere sortzen dute kutsadura, neurri txikiagoan.

Euskadin arnasten dugun airearen kalitatea hobetu nahi badugu, abian jarri behar ditugu, ezinbestean, hirigintzako politika egokiak, oinarritzat dutenak gure hirietan garraio publikoa –nagusiki elektrikoa– garatzeko premia, baita motorrik gabeko joan-etorriak bultzatu eta lehenetsiko dituzten politikak ere.

Ildo horretan, gure hirietako erdialdeetan autoaren presentzia mugatuta egotea, eremu horiek pixkanaka oinezkoentzat gertatzea eta bizikletaren erabilera sustatzea eskatzen dugu. Neurri horiek osatzeko, hirien berregituraketa funtzionala gauzatu behar da, joan-etorri luzeak egiteko beharra murrizteko; horretarako, saihestu egin behar da lan arloko, merkataritzako, gizarte arloko eta hezkuntzako hornikuntzak hiri ingurunetik urrun dauden eremuetan kokatzea. Hirigintzako ereduak aintzat hartu behar du, gainera, etxebizitzen eta hiriko sarearen eraginkortasun energetikoa.

Ezin dugu ahaztu zarataren arazoa, zeinaren kalteak ez diren nabariak, gure bizi kalitatea nabarmenki murrizten duten arren.