MUGIKORTASUN JASANGARRIA ETA AZPIEGITURAK

Elkarrekin Podemoseko Programa (deskargatu)

Kezkatzekoa da zer nolako gorakada izan duten energiaren kontsumoak eta garraioen sektorearekin lotutako isuriek. Ibilgailuen kopurua % 70 handitu da 1990etik, eta horiei dagokie energiaren kontsumoaren % 35. Ondorioz, garraioari lotutako gas isuriak bikoiztu egin dira. Hortaz, beharrezkoa da mugimenduari eta irisgarritasunari buruzko hausnarketa bat egitea erkidegoan.

Mugikortasun jasangarriaren aldeko apustua abiarazteko, bestelako lurralde eta hiri eredu bat ezarri beharra dago, oinarrizko bi alderdi dituena: joan-etorrietan distantzia laburragoak egin behar dira (horrek mugitzeko beharra murriztuko luke) eta kontsumorako zirkuituek tokian tokikoak izan behar dute nagusiki, soilik horrela sustatu ahal izango baitira motorrik gabeko joan-etorriak (oinez eta bizikletaz eginak). Mugikortasun sistema bat jasangarria eta bideragarria izango da, baldin eta motorrik gabeko garraioan oinarritzen bada; gainerako proposamen guztiak (garraio publikoaren elektrifikatzea; trena, metroa, bizikleta, autobusa eta tranbia lotzeko plataforma intermodalak) ideia nagusi horren osagarriak dira.

Euskadin, pertsonak zein salgaiak errepidez garraiatzen dira, ia osotasunean, eta modalitate horrek sortzen ditu garraioari lotutako berotegi efektuko gasen isuri guztien % 85. Horrek berekin dakar gure lurraldeak izatea lurzoruaren artifizializazio maila handienetakoa Europan. Bestalde, jendeak lanera joateko, erosketak egiteko eta aisialdiko jarduerak gauzatzeko egiten ditu ohiko joan-etorrien % 80 (% 36, % 25 eta % 24, hurrenez hurren). Jarduera horietarako ibilgailu pribatua erabiltzen da nagusiki.