ENERGIA TRANSIZIORAKO PLANA

Elkarrekin Podemoseko Programa (deskargatu)

Erabilera energetikoek EAEko berotegi efektuko gasen igorpenean duten pisu handia aintzat hartuta, lehentasunezkoa da arlo horretan jardutea, klima aldaketari aurre egin ahal izateko. Horrenbestez, beharrezkoa da Energia Trantsiziorako Plan bat garatzea, gaur egun energiaren sektoreari eragiten dioten arazoei aurre egingo diena; hala nola kanpoaldearekiko eta erregai fosilekiko mendekotasun handiari, oinarrizko ondasun baten (energia) gehiegizko kostuari eta pertsona ugarik berori eskuratzeko duten zailtasunari, bai eta energiaren oligopolioak egiten duen gehiegizko kontrolari ere.

Energia Trantsiziorako Plan honek energia eredu berri baterako aldaketarako oinarriak ezarri behar ditu. Eredu hori, berriz, aurrezpenean, energia eraginkortasunean eta energia berriztagarrietan (herritarren esku eta banatuta daudenak) oinarritutakoa izango da.

Energia ereduaren aldaketa gidatzea izango da helburua, epe luzerako ikuspegiarekin. Hartara, erregai fosilekiko eta kanpoko energiarekiko mendekotasunetik bertako energia autoaskitasunerako jauzia egin behar dugu. Autoaskitasun hori energia berriztagarriek eta energia eraginkortasunak emango digute, eta hori behar-beharrezkoa da, nola ingurumen arrazoiak direla tarteko, hala arrazoi ekonomiko eta sozialak direla tarteko. Klima aldaketaren aurka borrokatzeko funtsezko tresna da, eta aldi berean, enplegu berdea eta garapen teknologikoa sortzeko iturri, bai eta premiazkoa ere hornidura segurtasun handiagoa lortzeko. Politika energetikoak beste politika batzuen erdiguneko bektorea izan behar du; esaterako, garraioarena, kontsumoarena edo nekazaritzarena berarena. Hala, ez da lortuko soilik energia eraginkortasuna, baizik eta baita energia kontsumoaren egiazko murrizketa ere.

EAEko hasierako errealitatea abiapuntu hartuta, plan honek gutxieneko helburuak ezarriko ditu gure autonomia erkidegorako energia berriztagarrien ekarpenarekin eta aurrezpen mailekin lotuta. Zehazki, urtean 125 ktep murrizteko helburua ezartzen da; alegia, 2014ko[1] mailekin alderatuta, % 10eko energia murrizketa eta 2020rako energia berriztagarrien % 20ko ekarpena. Hori guztia batik bat autokontsumoan eta sakabanatutako instalazio txikietan oinarrituta. Era berean, honako hauek lortzeko oinarriak ezarriko ditu planak: 2014. urtearekin alderatuta, energia kontsumoan % 25eko murrizketa eta energia berriztagarrien ekarpena % 50ekoa izatea 2030erako; eta 2014arekin alderatuta, energia kontsumoaren % 35eko murrizketa eta energia berriztagarrien ekarpena % 100ekoa izango duen energia sistema bat izatea 2050erako.

Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) funtzionamenduan berrazterketa orokor bat egitea sustatuko dugu, eta huraxe izango da Plan honen eragile bultzatzaile nagusia. Horretarako, erakundean erreforma bat egitea proposatzen dugu, bere zeregina plan honen helburuak betetzera bideratzeko. Gainera, itxi egingo da Euskadiko Hidrokarburoen Elkartea, hidrokarburoen bilaketa Trantsizio Planaren helburuetatik kanpo geratuko baita.

Energia aurrezpena eta eraginkortasuna: Energia Trantsiziorako Planak proposatzen du % 10eko energia aurrezpena lortzea, 2014ko mailekin alderatuta. Era horretan, urtean 360,000 tCO2 murriztuko dira. Hala, oinarriak ezarriko dira 2030erako energia kontsumoa % 25 murrizteko eta 2050erako % 35; betiere, 2014. urtea hartuz erreferentzia gisa. Legegintzaldirako ezarritako helburua, berriz, urtean 125 ktep murriztea da.

Energia berriztagarriak, herritarren esku: Energia Trantsiziorako Planean proposatzen da energia berriztagarrien ekarpena % 20koa izatea 2020rako; alegia, berotegi efektuko gasen igorpenetan 430,000 tCO2-ko murrizketa gehigarria izatea. Era berean, honako hauek lortzeko oinarriak ezarriko ditu planak: 2014. urtearekin alderatuta, energia kontsumoan % 25eko murrizketa eta energia berriztagarrien ekarpena % 50ekoa izatea 2030erako; eta 2014arekin alderatuta, energia kontsumoaren % 35eko murrizketa eta energia berriztagarrien ekarpena % 100ekoa izango duen energia sistema bat izatea 2050erako. Horretarako, Energia Berriztagarrien Lurralde Plan Sektorial bat landuko dugu, energia eolikoaren Lurralde Plan Sektoriala berraztertuz, autosorkuntza eta tokiko instalazioak sustatzeko asmoz, eta beste energia iturri batzuetara ere zabalduz.