Edukira joan

ENERGIA ETA KLIMA ALDAKETA

 

Elkarrekin Podemoseko Programa (deskargatu)

Klima aldaketa dugu gure gizarteak aurre egin beharreko erronka nagusietako bat. Nazio Batuetako Klima Aldaketarako Aditu Taldeak urteak daramatza ohartarazten giza jardueraren ondorioz Berotegi Efektuko Gasen igorpenak ugaltzen ari direla eta, beraz, nabarmen ari dela igotzen planetako batez besteko tenperatura. Adituen arabera, berotze orokor horrek muturreko klima aldaketa ekarriko du, eta horren ondorioz, fenomeno klimatiko bortitz gehiago izango dira (ekaitzak, lehorteak, uholdeak...), itsas maila igo egingo da, biodibertsitatea galduko dugu, krisialdi humanitario zein ekonomikoak izango ditugu, eta iheslari klimatikoen kopurua ugaldu egingo da, elikagai eta ur gabezia izango dutelako.

CO2 dugu berotegi efektuko gasen artean igorpen handienekoa. Erregai fosilak erretzean sortzen da, batez ere; nahiz eta sortzen den bestelako industria eta ekoizpen prozesu ugaritan ere. Halere, ezin ditugu begi bistatik galdu bestelako gas batzuk: metanoa (abeltzaintza intentsiboarekin eta gas naturalaren erauzketarekin erlazio handia duena), nitrogeno oxidoak (Diesel motorren erabilerarekin harremana dutenak), ongarri kimikoak edo gas fluordunak (esaterako, HFC; nahiz eta urriagoak izan CO2-k baino 5.000-10.000 aldiz eragin handiagoa dutenak eta atmosferan dozenaka mila urte irauten dutenak).

COP21 Goi Bileraren ondorioz berriki sinatutako Parisko Hitzarmenak proposatzen du berotegi efektuko gasen igorpenak murriztea, tenperatura 2 ºC igo ez dadin (eta ahal bada, 1,5ºC) industriaurreko mailekin alderatuta. Horretarako, herrialde sinatzaileei eskatu zaie geroz eta zorrotzagoak diren igorpen murrizketak egiteko konpromisoa hartzeko. Europar Batasunak (EB), zehazki, bere berotegi efektuko gasak 1990eko mailekin alderatuta % 40 murrizteko konpromisoa hartu du 2030. urterako.

EBk hartutako konpromisoa, beraz, datozen urteotan bete beharreko gutxienekotzat ulertu behar da. Hala, 2050. urterako ia karbonorik gabeko ekonomia izango dugu, eta igorpen maila gutxienez % 80 jaitsiko da 1990. urtearekin alderatuta. Gainera, konpromiso hori maila guztietan onartu beharko da. Hala, Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) ere helburu horiek betetzera eta are gainditzera ere behartuta egongo gara.

Euskadin, 2013. urteko datuak aztertuz, ikus dezakegu berotegi efektuko gasen igorpenen % 91k harremana dutela energiaren erabilerarekin; % 4k, nekazaritzarekin; eta % 5ek hondakinen kudeaketarekin. Energia erabilerak zatituz, % 35 energia transformazioari dagokio; % 22, industriari; % 28, garraioari; eta % 7, bizitegi eta zerbitzuen sektoreari. 1990. urteaz gero, garraioak bikoiztu egin ditu bere igorpenak; bizitegi sektoreak, berriz, % 50 ugaldu ditu.

Industriak, aldiz, erdira murriztu ditu, eta nekazaritzak, heren bat. Horrenbestez, guztizko igorpenen kopurua % 10 jaitsi da 1990. urteaz gero. Datu hori estatuko batez besteko datua baino handiagoa da, baina oraindik ere urrun dago EBn erregistratutako joeratik.

Beraz, presakoa da klima aldaketaren aurkako ekintza lege bat ezartzea, datorren hamarkadan EBren konpromisoak bete eta are gainditzen lagunduko diguna. Hala, karbono gutxiko ekonomiaranzko beharrezko trantsizioan eta igorpenen murrizketan erreferente izango da Euskadi. Gainera, berotegi efektuko gasen igorpenean energiaren erabilerak duen pisu handia dela tarteko, ezinbestekoa da Energia Trantsiziorako Plan bati heltzea EAEn. Plan horrek helburu hauek bete beharko ditu: klima aldaketa geldiaraztea, energia pobretasuna amaitzea eta Euskadiren energia mendekotasuna murriztea. Gainera, Energia Trantsiziorako Plan horrek eredu berri baterako aldaketa bideratu beharko du. Eredu berri hori, hain justu, herritarren esku banatuta dagoen energia berriztagarrien demokratizazioan, eraginkortasunean eta aurrezpenean oinarritutakoa izango da.

Era berean, beharrezkoa da energia eskuratzeko dagoen desorekari begira ere jardutea, gure gizartean errotuta dagoen arazo hori baztertzeko. Horrenbestez, alerta sistema bat ezarri beharko da, energia edo ur horniduran egin beharreko zeinahi mozketaren berri emateko gizarte zerbitzuei. Elkartasunezko gizarte bonoak ezarriko dira, bizikidetza unitateko errenten arabera etxebizitzetara gas, elektrizitate eta ur hornidura iritsiko dela bermatzeko. Eusko Jaurlaritzak bitartekaritza lanak egingo ditu enpresa hornitzaileen aurrean, bizikidetza unitateen egoera ekonomikoaren ondorioz ez ordaintzeagatik etxebizitzetan hornidura etenak saihesteko. Bizikidetza nukleoko gutxieneko bizi-kontsumo bat ezarriko da, jende guztiak izan dezan baliabide energetikoa izateko aukera.

Klima Aldaketaren aurkako Ekintza Legea: Klima aldaketak gure gizartearentzat dakarren erronka handiak ezinbestean behar du erakunde autonomikoen maila goreneko erantzun bat. Klima aldaketa arintzeak eta horretara egokitzeak gure helburu nagusia izan behar du. Horregatik, Elkarrekin Podemosetik proposatzen dugu Klima Aldaketaren aurkako Ekintza Lege bat garatzea, karbono gutxiko ekonomia baterantz joateko bidea ezarriko duena eta berotegi efektuko gasen igorpena bizkor murriztuko duena. 2015eko ekainean, Klima Aldaketarako Estrategia 2050 onartu zuten, 500 milioi euroko hornidurarekin. Elkarrekin Podemosen uste dugu klima aldaketaren aurkako borrokak maila handiagoko lege esparru bat eskatzen duela, finkatutako helburuak derrigorrez bete daitezen. Horrenbestez, iruditzen zaigu Lege horren helburuak izan behar duela urteko CO2 igorpenak 1.1. milioi tona murriztea. Horrek esan nahi du 2020. urteko igorpenek 1990ekoak baino % 35 gutxiago izan behar dutela. Era berean, berotegi efektuko gasak 2030erako % 65 eta 2050erako % 95 murrizteko gidalerroak ezarriko ditu, eta era horretan, Klima Aldaketaren aurkako EAEko estrategia EBkoarekin parekatuko da 2020rako, eta hurrengo hamarkadetan harago joango da.

Berotegi efektuko gasen igorpenen murrizketarik handiena, hain zuzen, oraintxe aurkeztuko dugun Energia Trantsiziorako Planetik etorriko da, energiaren sektorea baita igorpenen % 90 baino gehiagoren eragilea. Halere, ekonomiako gainerako sektoreek ere murriztu egin beharko dituzte euren igorpenak.

Proposatzen denaren pareko karbono gutxiko ekonomia bat izateko, ezinbestekoa da ekonomia zirkular baterantz jotzea, non fluxu materialak zein energia fluxuak lurraldean bertan itxiko diren, euren inportazioa murriztuz. Horren ondorioz, nazioarteko garraioa saihesten denez, kontsumitutako ondasunen karbono eta energia aztarna txikiagoa izango da. Era horretan, hurbileko kontsumoa, ibilbide txikikoa, sustatzeko asmoa dugu; eta lehen sektoreari dagokionez, hurbileko nekazaritza eta abeltzaintza ekologikoa. Nekazaritzaren, abeltzaintzaren eta arrantzaren sektore estentsiboaren aldeko apustua egin nahi dugu, horrek berotegi efektuko gasen igorpenen tasa txikiagoa izatea ekarriko baitu, bai eta erregai fosilekiko mendekotasuna txikiagoa izatea ere. Azken batean, gure lurraldearen Aztarna Ekologikoa murriztearen aldeko apustua egingo dugu.

Urtean behin, Eusko Jaurlaritzaren aurrekontu ekonomikoak aurkeztean, karbono aurrekontu bat ere txertatuko da. Bertan, sektore publikoaren zein pribatuaren igorpenak ebaluatuko dira, eta murrizketa konpromisoetan izandako aurrerapausoak egiaztatuko dira. Sektore publikoari dagokionez, igorpen mugak derrigor bete beharko dira; sektore pribatuaren kasuan, berriz, desbideratze nabarmenak sumatuz gero, igorpenak murriztea bultzatzeko laguntza eta neurri espezifikoak aztertu beharko dira.

Gainera, ekosistemak lehengoratzeko plan bati heldu behar diogu, klima aldaketara hobeto egokitzeko. Gure autonomia erkidegoan izango den eraginik handiena itsaso mailaren igoeraren ondoriozkoa izango da. Klima Aldaketaren aurkako Ekintza Legearen baitan, kostaldeko ekosistemak lehengoratzeko plan bat ezarriko da, kostaldean izaten diren ekaitzen eragina murriztu ahal izateko. Kostaldeetan itsas padurak edo duna sistemak lehengoratzeak asko murritz ditzake ekaitzen ondoriozko galera ekonomikoak.