Edukira joan

ELKARTASUN INTERNAZIONALISTA

Elkarrekin Podemoseko Programa (deskargatu)

Sistemaren eta zibilizazioaren krisi sakonera eraman gaitu egungo sistema ekonomiko neoliberalak, eta behar-beharrezkoa da gizarte globalaren eredu hegemonikoa, indarkeriak, desorekak eta iraunkortasun ezak ezaugarritutako eredua, zalantzan jartzea eta beste eredu baterantz hurbiltzeko eta berdintasunean oinarritutako bizimodu iraunkorrago bati ateak irekitzeko aukera eskainiko diguten beste balio, dinamika eta eragile batzuk aintzat hartzea.

Bizimodu berriak itxuratzen eta sustatzen dituzten agendentzako espazioak zabaltzeko duen gaitasunari buruzko analisi kritikoa eginda ere, guretzat eraldatzeko tresna da lankidetzan oinarritutako politika publikoa.

Aintzat hartzen dugu gizarte erakundeek berek esparru honetan eragile gisa betetzen duten egitekoa, alde batetik, aldaketarako estrategia gisa nazioarteko lankidetza txertatzearen eta, bestetik, logika teknologiko eta administratiboaren inperioaren ondorioz gaitasun politikoak ezerezean uzteko arriskuaren arteko tentsio amaigabean.

Nazio Batuek 2015. urtean onartutako Agenda 2030 delakoaren bidez nazioarteko testuinguruak doi-doi sartu ditu egoera berri baterantz egiteko halako aurrerabideak, esate baterako, garapenerako politiken koherentzia eta iraunkortasuna bezalako alderdiak kontuan hartu ditu, neurri horiek artean eskasak badira ere.

Gure proposamenak nazioarteko lankidetzaren dimentsio politikoaren aldeko apustua planteatzen du, kontu teknikoetatik harago egiteko, kontzientzia kritikoa sortzeko, alternatibak proposatzeko, gizartea higiarazteko eta lehentasun gisa politika koherenteak egiteko, betiko Iparralde-Hegoalde banaketa gaindituz eta maila globalean desorekak ezerezean uzteko pertsonen eta eragileen nazioarteko topagunetik eraikiko den internazionalismoaren alde eginez. Emakumeek garapenaren sustatzaile gisa betetzen duten egitekoa ahantzi gabe eta herriek beren kultura, burujabetza eta erabakimen askea garatzeko eta baliabideak kontrolatzeko duten eskubidea errespetaturik.

Garapenerako ekintza guztiek bilatu behar dute genero berdintasuna, eta kontuan eduki behar dute emakumeekiko eta gizonekiko eragin desberdina. Jakin badakigu gizonen eta emakumeen arteko harremanak desberdintasunez josiak direla, eta harreman horietan emakumeak beti izan direla boterearen esparrutik baztertuak, horrek gizarteari eragiten dizkion ondorio guztiekin.

Horrez gain, berariaz erreparatu behar diogu egungo politikek eta garapenerako ereduek munduko ondare naturalari eragiten dioten inpaktuari. Zentzu horretan, ekonomiaren nazioartekotzearen edo globalizazioaren ondorioz, herrialde garatuek bere egin behar dute biodibertsitatearen kontserbazioaren aurreko konpromisoa baita maila globalean ere. Kanpoan bideratzen ditugun jarduera ekonomikoek gero eta inpaktu handiagoa dute munduko biodibertsitatean.

Hirugarren herrialdeenak diren baliabideen erabilerari esker eusten zaie herrialde garatuetako bizimoduari eta hazkunde ekonomikoaren ereduari.

Ekonomiaren, ingurumenaren eta planetaren iraunkortasunaren esparruetan truke desberdina gertatzen da Iparraldeko herrialde aberastuen eta Hegoaldeko herrialde txirotuen artean: zor ekologiko bat sortzen da. Iparralde globalaren aldetik iritsi da ekoizpen industrialean, kontsumismoan, hondakinen etengabeko ekoizpenean eta berotegi efektuko gasen isurietan oinarritutako egungo ereduak Hegoaldeko herrialde txirotuetan eragiten dituen ondorio ezin kaltegarriagoak gainditzeko duen betekizun morala eta ekonomikoa gauzatzeko unea. Aurrez egindako proposamen askorekin bat eginda, Iparralde eta Hegoalde globalen arteko justiziaren eta elkartasunaren alde lan egin beharra dugu. Beste hitz batzuekin adierazita: Mugarik gabeko Euskadi.

Eusko Legebiltzarrak munduko desoreka arazoak eta justiziarik eza zuzenean konpontzeko duen gaitasuna mugatua den arren, gai da lankidetza deszentralizatuaren bidez eta bere politika koherentearen bidez erronka globalei bere hondar alearekin erantzuteko eta lan ildoak finkatzeko bi ardatz estrategikoren inguruan:

Beharrezkoa da Iparralde globaleko herrialdeen apaltze selektiboa eta bidezkoa (edo egiturazko doikuntza), ezinbestekoa da hori –ez ordea nahikoa– hegoalde globalari modu solidarioan eta iraunkorrean laguntzeko eta Iparraldean ekoizteko eta kontsumitzeko eredua oinarri iraunkorretan antolatzeko.

Beharrezkoa da Hegoalde globaleko herrialde txirotuek gizartearen era ekologiaren ikuspegitik bilakaera eraginkorra izatea, eta horretarako hobetu egin behar dira hango herritarren bizi baldintzak.

Euskadi ez dago eredu horretatik kanpora, eta gure aztarna ekologikoak adierazten du geure bizi mailari geure baliabideekin eutsi ahal izateko gurea baino 7,7 bider handiagoa litzatekeen lurraldea beharko genukeela; eta horrek hirugarren herrialdeetarantz proiektatzen dugun defizit ekologiko handia eragiten du.

Horrenbestez, EAEko garapen ekonomikoak eraldaketak ahalbidetu ditu herrialde horietan, habitatak galtzea eta zatitzea, espezie jakin batzuk neurriz gain ustiatzea, kutsatzea, espezie exotikoak han-hemen barreiatzea eta klima aldaketa sustatzea.

(Adibidea: Munduko Bankuaren kalkuluen arabera, urtero 15 mila milioitik gora dolar galtzen dira garapen bidean dauden herrialdeetan zuraren legez kanpoko ustiapenaren ondorioz). Horretarako, funtsezkoa da biodibertsitate globalean eragiten dugun inpaktua murriztea eta kanpo inbertsioetan eta garapenerako lankidetza programetan biodibertsitatea babesteko eta sustatzeko irizpideak aintzat hartzeko neurriak sustatzea.

Azkenik, nazioarteko ikuspegiarekin eta giza eskubideekin zerikusia duten alderdiak zehazten ditugu. Alderdi horiek zuzeneko lotura dute Euskadi nazioarte mailan eta bereziki Giza Eskubideak Babesteko planoan kokatuko duen proposamen batekin.