HERRITARREN SEGURTASUNA ETA ASKATASUNA

Elkarrekin Podemoseko Programa (deskargatu)

Elkarrekin Podemosen oinarri politikoen arabera, askatasun publikoen esparruan hartu beharra dago aintzat segurtasunaren gaia. Printzipio horrekiko koherentziaz, Giza Segurtasun kontzeptua hartu dugu oinarrizko erreferentziatzat, kontzeptuak azaldu zenetik aurrera (Nazio Batuen Plana Garapenerako, 1994) bizi izan duen bilakaera (Europar Batasuna: Garapen Iraunkorrerako Helburuak eta 2030 Agenda) gogoan edukiz.

Giza Segurtasunak bere jomugen artean hartzen ditu, politika publiko integratuen bitartez, egiturazko biolentzia, herritarren segurtasuna, segurtasunaren globalizazioa eta injustizia sozialak. Segurtasuna ez da soil-soilik poliziaren, epaileen edo presondegietako afera, baizik eta komunitate osoarena eta instituzioena, eta elkar osatuko duten gizarte eta segurtasun politikak bideratu behar dira haren arabera, Giza Eskubideak eta norbanakoen eta giza taldeen eskubideak errespetatuz betiere. Definizioz globala den segurtasun mota honen barruan, beste “segurtasun” batzuk ere hartzen dira aintzat, hala nola defentsa edo segurtasun kooperatiboa (kanpo segurtasuna), herritarren segurtasuna eta segurtasun iraunkorra (barne segurtasuna), eta “segurtasunaren gaineko ikerketa kritikoen” proposamenak. Pentsamendua eta ekintza uztartzen dituen dinamika dialektiko batetik abiaturik, gizartea aldatzeko estrategiaren barruan garatuko diren honako ekintza hauek proposatzen ditugu.

1. EKINTZARAKO ESTRATEGIA

Giza Segurtasuna eta hari datxezkion eduki modernoenak gure garaiko Euskadiko premietara egokituko dituen estrategia da hau. Kontuan hartu dira hartan ikerketa kritikoen ekarriak, ikuspegi ekologista eta feministak, nazioarteko eragin multilaterala, askatasunen jardun berdinzalea, Euskadiko gizartearen emantzipazioa eta Eusko Jaurlaritzaren praktikaren izate etiko-politikoa.

Modu proaktiboan egin ditugu proposamenak, hau da, gizarte hobeago bati begira bila gabiltzan helburuei erantzungo dieten ekimenak planteatuz. Egungoa ez bezalako segurtasuna gustatuko litzaiguke inondik ere, argi eta garbi ikusten ari baikara egun nola iruzurgile handienek ihes egiten duten kontroletik, herri salaketa ahokoaz isilarazten den bitartean. Ahokoa kentzea, edo Euskadiko aplikazioan haren eragina murriztea, bideragarriagoa da egun iruzur fiskalari amaiera emango dioten politika eta bitartekoez hornitzea baino, baina helburu horietarantz abiatu beharra daukagu inolaz ere. Aplikazio praktikoan oinarritzen den estrategia.

2. GIZA SEGURTASUNAREN ARDATZ ESTRATEGIKOAK EUSKADIN

Plangintza estrategikoaren irizpide komunari jarraitu diogu, segurtasunaren aldeko politika publikoak gidatuko dituzten “ardatzak” zehazterakoan. Hona hemen Elkarrekin Podemosek proposaturiko ardatzak, lau guztira:

1. Segurtasun Partekatua.

Politika publikoak “herriarentzat” egiten dira, baina “herriarekin”, bai eta segurtasunaren arloan ere. Horrenbestez, herriak ere parte hartu behar du zuzenean arlo horretan. Parte hartze hori, gainera, instituzio barrukoa bezala (Eusko Jaurlaritzan interpelatu beharreko sailekin) instituzioen artekoa ere izango da (inplikaturiko erakunde publiko eta pribatuekin).

2. Segurtasun Integratua

Politika publikoen atala da segurtasuna eta haien barruan integratu beharra dago inolaz ere. Edozein gobernu definizioz “kolegiatutan” uler litekeen elkarlan mota horretatik harantz, garbi adierazi behar dugu askatasunen sustapenak eta herritarren erazukizunak (herritarren eskubideak eta betebeharrak) helburu bateratua behar dutela izan Eusko Jaurlaritzaren politiken integrazioari begira.

3. Segurtasun Eraldatzailea

Egun dagoena funtsean aldatzeko balio izan behar dute segurtasunerako politikek. Posible da, gure ustez, beste segurtasun mota bat, askatasunean eta gizarte justizian oinarrituriko bizikidetza demokratikoa eskainiko duen segurtasuna.

4. Segurtasun Eraginkorra

Lortu nahi diren askotariko helburuak beharreko aurrekontuez hornitu beharrak dira, baina eraginkortasunerako irizpidez eta, hala behar izanez gero, eragingarritasuna lehenetsiz (Genero Biolentziaren aurkako kasuan bezala) kudeatuko dira. Zentzu horretan, oinarrizko egitekoa da egungo polizia zerbitzuen egokitzapena, herritarren zentzu zibikoaren sustapenean ere eragina edukiko duten politika publikoetarako baliabideak eduki ahal izateko.