Edukira joan

ARRETA SOZIOSANITARIOA

 

Elkarrekin Podemoseko Programa (deskargatu)

Arreta soziosanitarioak barnean hartzen du, beren osasun egoera, mendetasun egoera edo maila, edo gizarte bazterkeria arriskua dakarren gizarte arazoa dela eta, aldibereko arreta sanitario eta soziala behar duten pertsonei emandako zaintzen multzoa. Arreta hori, aldiberekoa ez ezik, koordinatua, egonkorra, eta arretaren globaltasun eta jarraitutasun printzipioari egokitua izango da, gainera.

Arreta soziosanitarioak bi sektoretako egituren eta zerbitzuen parte hartzea behar du: sanitarioa eta soziala. Euskadin, arreta soziosanitarioaz arduratzen diren erakundeak Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saila, Osakidetza, foru aldundiak, udalak eta, tarteka eta premien arabera, Hezkuntza eta Justizia sailak edo beste batzuk dira.

Sektore horien parte hartzea kudeatzeko hainbat eredu badaude ere (sektoreen integrazioa, sektore berri bat sortzea…), gaur egun eta gure testuinguruan aukeraturiko eredua zerbitzuen koordinazioarena da.

Eredu horren oinarria zera da, premia soziosanitarioen arreta modu jarraitu eta koordinatuan eman dadila, baina gehiago azpimarratu behar da integrazioaren, lankidetzaren eta osagarritasunaren garrantzia esku hartze maila guztietan, bai profesionalen artean, bai erakunde sanitario eta sozialen artean. Hori dela eta, honako hauek dira, gure ustez, eremu publikotik eman beharreko arreta soziosanitarioaren helburuak:

Erakunde sanitarioek eta sozialek koordinatuta jarduten dutela bermatzea, baita arazo sanitarioak (gaixotasun kronikoak / endekapenezkoak / konplexuak) eta sozialak (mendetasun funtzional eta sozialeko egoerak) direla eta ahulezia egoeran diren pertsona guztiak (unibertsaltasuna) barnean hartzen dituztela ere, pertsona horiek bi erakundeen aldibereko presentzia behar dutenean, betiere modu egokian eta eraginkortasuneko irizpideei jarraiki eta haiei ahalik eta arreta onena emateko helburuz (kalitate irizpideak).

Pertsonen premietan zentraturiko baliabide eta zerbitzu egoki eta eraginkorrak bermatzea, baita zerbitzu berriak planifikatzea ere biztanle interesdunengan antzemandako premietan oinarrituta, eta biztanleria orokorraren aldaketa sozial, epidemiologiko eta sozioekonomikoen eskaeraren arabera.

Ahulezia soziosanitarioko egoeran diren pertsonentzat ahalik eta bizi kalitate onena helburu izango duten osasun eta gizarte politika sustatzea, prebentziozko ikuspegi batekin mendetasunari eta osasunaren konplikazioei dagokienez.

Biztanleriaren zahartzeak eta mendetasunaren eta gaixotasun kronikoen areagotzeak galdera asko eginarazten digu biztanleria zahartu batek eskatzen dituen zaintzei buruz; izan ere, bertan hainbat arazok egiten dute topo, bai arazo sozialak bai osasun arlokoak, eta bien arteko harreman hori gero eta konplexuagoa da, eta horregatik da beharrezkoa ondo koordinaturiko zaintza osagarrien jarraitutasuna.

Hiru gertakizun nagusi horiek (zahartzea, mendetasuna, kronizitatea) berebiziko erronkak dakartzate krisi ekonomikoak osasun publikoa eta unibertsala funtsezko eskubide diren gure Gizarte Ongizateko sistema modu arriskutsuan pitzatu eta hondatu duen testuinguru honetan. Erronka horien artean da autonomia sustatzeko eta mendetasuna prebenitzeko sistema egoki bat garatzea, sendatzeaz arduratzen den arreta sanitarioko eredu tradizionala birbideratu eta osasunaren kontzeptu holistikoa (biopsikosoziala) barneratzen duen beste baterantz egitea, zaintzari garrantzia ematen diona eta ezinbestekotzat jotzen duena arlo sanitarioaren eta sozialaren arteko koordinazioa eta integrazioa.