SALUD PÚBLICA Y SERVICIO VASCO DE SALUD

 

Elkarrekin Podemoseko Programa (deskargatu)

Osakidetza-Euskadiko Osasun Zerbitzuaren finantzazioa hobetuko dugu, Euskadiko BPGaren % 1arekin handituko baitugu, gutxienez, hurrengo legegintzaldian.

Osasuna oinarrizko zerbitzu publikoa da guretzat, eta ondorioz, erakundeek babestu eta sustatu egin behar dute, finantzazio egokia eskainita eta gastua modu eraginkorrean kontrolatuta, arreta berezia jarrita kostuagatik eta gizartean duten oihartzunagatik erronka bat diren tratamenduei (C hepatitisa tratatzeko antibiral berriak, esaterako). Legegintzaldi honetan izandako osasun gastuaren beherakadak ez ditu ondorio berak izan osasungintza publikoan eta sektore pribatuan. Egiaztatuta dago azken urteetan osasungintza pribatua hazten ari dela, poliki bai, baina etengabe, eta osasungintza publikoa, aldiz, behera egiten ari dela modu deigarrian, bai finantzazioari dagokionez, bai eskura dituen baliabideei dagokienez, 2010etik izan diren murrizketen ondorioz.

Osasungintza publikoaren erantzun faltak bere premiak sektore pribatuan estaltzera eramango ditu horretarako baliabideak dituzten pertsonak. Premia horiek sektore publikoaren deskapitalizazioak, gizarte babes eznahikoak −murrizketen ondorioz− eta defizit publikoak eragin ditu. Bestela esanda, krisia eta mozketak ondorio negatiboak izaten ari dira osasungintza publikoaren jardueran, itxaron zerrendak luzatzen dituzte, Mendetasunari buruz 39/2006 Legearen aurrekontuak eta baliabideak gelditzen, plantillak eta baliabideak murrizten, koordainketak ezartzen (azken finean ordainketa bikoitzeko prozesuak direnak) eta, azkenik, zuzenean eragiten dute behar handienak dituzten pertsonen poltsikoetan. Gogora dezagun Mendetasunaren legeak 1.000.000 pertsonari baino gehiagori eragiten diela, baina, aldiz, familiako zaintzarako prestazio ekonomikoak eta etxez etxeko laguntza zerbitzuen ordu kopuruak % 20 eta % 60 artean murriztu direla, autonomia erkidegoaren arabera.

Politika sanitarioaren helburuek zerbitzuaren kalitatea sustatzera eta hari eustera bideratuta egon behar dute, baita osasun sistema publikoa indartzera ere, baliabide publikoak modu eraginkorrean kudeatuta eta zerbitzuen esternalizazioan eta pribatizazioan oinarrituriko beste eredu batzuei aurka eginda. Aurre egingo diegu apirilaren 20ko 16/2012 Errege Dekretuaren ondorioei, hura indargabetzea lortu arte; izan ere, horren bitartez suntsitu zen osasun laguntzaren unibertsalitatea Estatuan.

Osasun arloko gastu publikoa Europako batez bestekoaren azpitik dago estatuan eta Euskal Autonomia Erkidegoan. Estatuan enpresa eta ondasun handiei egiten zaien presio fiskala Europako txikienetakoa da. Kalkuluen arabera, zerga iruzurra BPGaren % 25 ingurukoa da, eta oso baliabide gutxi bideratzen dira hura konpontzera.

Industria farmazeutikoak gehiegizko eragina du gure kudeatzaile eta profesionalengan, eta, ondorioz, farmako eta teknologia gehiegi agintzen dira. Aurrekoak gastu farmazeutiko handia eragiten du, eta hori nabarmen optimiza daiteke.

Pribatizaturiko zerbitzuak publikoak baino garestiagoak dira, eta kalitatearen hondatze nabarmena dakarte. Koordainketek gastu handiagoa ekarri dute, aurrezkia ekarri beharrean, haiek kudeatzea oso garestia baita, aurrezkiaren helburua gainditurik. Lehen mailako arreta ospitalekoa baino erabakitzaileagoa eta merkeagoa da. Ezinbestekoa da autonomoago egingo duen baliabideak ematea. Aurreko alderdiak optimizatzen baditugu kalitatezko eta behar adina finantzaturiko sistema sanitario publikoa izateko behar diren baliabideak edukiko ditugu.

 

Pribatizaturiko zerbitzuak sistema publikora itzultzeko plana:

Pribatizaturiko zerbitzuak osasun sistema publikora itzultzeko plan bat jarriko dugu abian, eta kontratuak, penalizazioak eta emakidadunen onurak betetzen direla zorrotz kontrolatuko dugu.

 

Osasun sistema publikoaren eta arreta sanitarioaren demokratizazioa:

Osasun zerbitzuak herritarrengan zentratuta egon behar dute haien ongizate fisikoa, psikikoa eta soziala hobetzeko. Hala, herritarrak beren zaintzen protagonista izan behar dira. Horretarako, harremanetan jartzeko, kontsultatzeko eta parte hartzeko teknologia berriak ezarriko dira.

Emakumeentzako arreta. Sexu eta ugalketa osasuna: Sexu eta ugalketa osasunarekin loturiko zerbitzuetarako sarbidea eta arreta hobetuko dugu. Arreta berezia jarriko dugu osasun arloko langileen prestakuntzan, protokolo horiei buruz informatzeko eta abian jartzeko gaitasuna izan dezaten, programa horietan artatzen dituzten pertsonak (bereziki emakume emigranteak eta genero indarkeriaren biktima diren emakumeak) gizarte aurreiritzi handien xede izan baitira. Emakumeentzako arreta hori osasun zerbitzuetarako sarbide unibertsalaren bidez baino ezin daiteke bermatu, biktimei arreta emateko protokolo horiek xede dituzten pertsonetako asko osasun zerbitzuetarako sarbiderik ez duten giza taldeen artean izaten baitira.

 

Gizartearen desmedikalizazioa:

Medikalizazioa saihestu nahi dugu, hain zuzen medikoak ez diren arazoak (eguneroko bizitzako emozioak, portaerak, jarrerak edo egoerak: lotsatia izatea, burusoila, menopausia…) kategoria diagnostiko bihurtzen dituen medikalizazio hori, adierazitako egoera horiek arazo mediko edo psikologiko gisa tratatzen dituena, ez bat ez beste ez badira ere. Farmazia industriak egoera hori bultzatzen du, beharrezkoa ez den farmakoen eta teknologien kontsumoa sustatzen baitu eguneroko bizitzako ohiko egoerak konpontzeko. Osasuna negozio bihurtzeko helburua duen aldaketa kultural bat gertatzen ari da. Osasuna produktu bilakatzen da gizartearen iruditerian: merkatuaren legeen eta marketin estrategien mende dagoen gai pribatu bat. Gora egin du beren burua gaixotzat duten eta tratamendu bat behar dutela uste duten pertsonen kopuruak. Bai biztanleria orokorrari, bai osasun arloko profesionalei sinestarazten zaie gaixo egoteko arriskuak erabat ezabatzeko eta guztia prebenitzeko aukera posible dela, eta hori osasun azterketen eta baheketen bitartez lortzen dela. Ikerketa eta argitalpen zientifikoak manipulatzen dira. Medikamentuen eraginkortasunari edo segurtasunari buruzko datak ezkutatzen dira negozioa ez kolokan jartzeko, nahiz eta pertsonen osasuna arriskuan jarri. Osasunaren arloko profesionalak erosten dira, hainbat pizgarriren bitartez, haien xedeetan lagun dezaten, eta eguneroko bizitza medikalizatzen da, bai gaixotzeko arriskuan eta inoiz ondo senti ez gaitezen.

 

Kronikotasunerantz orientaturiko osasungintza ereduaren aldaketa:

Akutuen arretarako egungo ereduak ez du kronikotasunaren fenomenoak planteatzen dizkigun erronkak geure gain hartu ahal izateko aukerarik ematen. Maila globalean gertatu den gaixotasun kronikoen hazkunde azkarrak, eta hurrengo urteetarako aurreikus daitekeen haien bilakaerak, erabat justifikatzen du eredu aldaketa, baldin eta erantzun eraginkor eta iraunkorra eman nahi bazaie gaixotasun kronikoak dituzten pertsonen premiei eta zahartzeari, horiek baitira sistemaren gainean presio ekonomiko handiena egiten dutenak. Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) datuen arabera, munduan egunero gertatzen diren heriotzen % 60 prebenitu litezkeen gaixotasun kronikoekin lotuta dago. Osasun sisteman duten inpaktuari dagokionez, gaixotasun kronikoek eragiten dute lehen mailako arretako kontsulten % 80, ospitaleratzeen % 60 eta, guztira, osasun arloko gastuaren % 72. Horretaz gain, kalkuluen arabera, gaixotasun kronikoen prebalentziaren gorakada da egungo osasun arloko gastuaren gorakadaren bi herenen erantzule. Gaixotasun kroniko bat baino gehiago duten pazienteen kostuak sei aldiz handiagoak dira bakarra dutenen aldean.

 

Osasun arazoei batera heltzea lehen arretaren, espezializatuaren eta soziosanitarioaren artean:

Koordinazio eta komunikazio bide errazak ezartzea.

 

Osasun mentalaren arretarako eredu komunitarioa osasun sistema publikoan:

Biztanleen egiazko premiak artatuko dituzten osasun mentaleko politika integratuak garatuko ditugu. Finantzazio espezifikoa duen osasun mentaleko plan baten alde egingo dugu. Osasun mentalari esleituriko aurrekontuak urriak dira, ez baita lehentasun bat agenda politikoan, beste arlo jakin batzuekin alderatuta (adibidez droga-mendekotasuna, bere garaian, edo interes politikoa piztea lortu duen farmazia gastua).

Antolakuntza eta kudeaketa mailako proposamenak.

 

Droga-mendekotasunen arreta:

Drogen erabilerarekin loturiko alderdiak aztertzea, haien irismena balioestea eta hainbat eskuhartze estrategiaren bidez erantzunak ematea Interpretazio Eredu izenarekin ezagutzen dena jarraituz egin ohi da; horiek drogen arloan eragina duen elementu bakoitzari ematen diogun lehentasunaren arabera taldekatzen dira: pertsona, substantzia edo testuingurua.

Azterketa epidemiologikoak eta biztanleei eginiko inkestek mugak dituzte substantzia horien kontsumoaren prebalentzia kalkulatzeko orduan, gizartean bazterkeria jasaten duten kontsumitzaile sektoreetara heltzea zaila izan baitaiteke; hala, estimazioen zehaztasuna txikiagoa da prebalentzia hori asko jaisten denean. Era berean, mendekotasun motaren arabera desberdina da gizartearen ikuspegia; hala, zenbait portaera legitimatuta daude, ohitura gisa ikusten baitira: alkohola, erosketa konpultsiboak, sare sozialak, eta abar.

Arrisku eta babes faktoreek bizitzako etapa desberdinetan izan dezakete eragina haurrengan eta nerabeengan, helduengan eta zaharrengan, gizon eta emakumeengan, Etapa bakoitzean prebentziozko esku hartzeen bidez alda daitezkeen arriskuak daude. Arrisku eta babes faktoreak ezagutzea ezinbestekoa da mendetasunak prebenitzeko eta pertsonen premietara egokituriko esku-hartze programak garatzeko, ezaugarri positiboak indartzeko lan eginik. Urrakortasun eta gizarte bazterkeria jasateko arrisku testuinguruak aztertu beharreko oinarrizko ardatz bat dira, bereziki migrazio esperientzietan eta etxerik gabeko pertsonen kasuan. Urrakortasun organikoa eta psikologikoa ez ezik, badago garrantzi bera duen urrakortasun soziolkulturala ere.

Bestalde, genero ikuspegiak ere laguntzen digu emakumeek eginiko drogen erabilera aztertzeko garaian. Horri buruzko azterketa kritikoa egin behar dugu gizonek klinikan, ikerketan eta prebentzioan eginiko lanaren “paradigma ikusezina” ikusi ahal izateko.

Patologia duala fenomeno konplexua da, bi gaixotasun biltzen baititu: mendetasuna eta buruko nahasmendua, eta gainera, estigmaren gaiekin egiten dugulako topo: mendetasuna duen pertsona drogak hartzea aukeratu zuen norbait da, bere erabakien mende ez dagoen gaixo mentalarekin kontrajarrita.

Osasungintzako sareak diziplina anitzeko talde bat behar du, osasun arloko profesionalak dituen eredu bio-psiko-sozialari jarraiki (psikiatrak, bestelako medikuak, psikologoak, gaixoak, gizarte langileak, gizarte hezitzaileak, terapeuta okupazionalak, laguntzaileak, jagoleak eta segurtasuneko langileak) eta horiek guztiek prestakuntza behar dute, bai psikiatriaren arlokoa, bai mendetasunei buruzkoa.

Lehen mailako arreta, kasua antzeman eta abusua vs mendetasuna bereizten duen diagnostikoa egiten duen Sarera sartzeko atea da; bertan esku-hartze laburra egiten da kontsumo problematikoaren, mendetasun arinaren eta prebentzioaren kasuan. Arreta espezializatuak espezializazioa eskaintzen du (mendetasuna eta psikiatria), baita hainbat intentsitatetako kanpoko euspena ere (anbulatorioa, erresidentzia eta ospitalea).

Droga mendetasunen kasuan, eta azken hamarkadetan metaturiko esperientziatik abiatuta, ziurtasun argiak ditugu egungo politikarekiko desberdina izango den politika baten oinarriak ezartzen lagun dezaketen gogoetak egin eta irizpideak emateko:

Gure ohitura sozialak, kulturalak eta ekonomikoak kontsumoaren gizartean kokatzen dira; bertan, estimulu asko bideratzen dira mota guztietako produktuak kontsumitzeko premia sortzera, ez bakarrik alkohola, tabakoa, kafea edo farmakoak bezalako drogak. Gizarte kontsumista honen testuinguruan, debekatzeko politikak drogei EZ esatea inposatu nahi digu, baina inposaketa hori ez dago droga guztiei zuzenduta, baizik eta egun berrikuste fasean diren nazioarteko hitzarmenetan jasotako estupefaziente zerrendan bildutako substantzietara bakarrik.

Egungo egoera, ditugun datuen arabera, argigarria da:

 

Heriotza duin baterako eskubidearen alde, zaintza aringarrien plan bat sustatuko dugu: Ardatz nagusia lehen mailako arretako zerbitzuen sarea izango da, eta familia medikua eta erizaina izango dira arreta prozesuaren ardatzak, etxeko ospitaleratze zerbitzuen eta zerbitzu aringarrien babesarekin.

Gaur egun osasunaren zientziek, bizitzaren eta heriotzaren ezagutzak eta gizakion portaeren etikak, eta zehazkiago, osasun arloko profesionalenak, behar adina garatu dira eta aukera dago bizitza amaitzeko garaian pazienteei gehiago laguntzeko. Hala, ezinbestekoa da Euskadin Zaintza Aringarrien Plan bat garatzea. Zenbait jardun pazientearen etxean, ospitale orokorretan eta azpiakutuen ospitaleetan gauzatzea aurreikusi beharko luke planak. Lehen mailako arretako taldeen eta etxeko ospitaleratze zerbitzuen lana indartzea izan beharko litzateke, hala ere, plan horren elementu nagusia.

Gure ustez ezinbestekoa da suizidio lagundu deiturikoaren eta eutanasiaren gaiarekin lotuta egun bizi dugun zehaztugabetasun juridiko eta etikotik ateratzea. Zigor Kodearen 143. artikulua indargabetzea eskatzen dugu; izan ere, 6 urtera arteko espetxe zigorrak ezartzen ditu bizitzen jarraitu nahi ez duen norbaiti laguntzen dioten pertsonentzat.