OSASUNERAKO ESKUBIDEA

 

Elkarrekin Podemoseko Programa (deskargatu)

Egungo krisi ekonomikoak eta inposatu dizkiguten austeritate neurriek areagotu egin dituzte gizarte desorekak eta osasunarekin loturikoak; horiek guztiak gainditzeko politika ausartak egin behar dira, pertsonen osasuna eta ongizatea helburu nagusitzat izango dituztenak.

Era berean, bizi eta lan baldintzen hondatzeak ez dio modu berean eragin gizartea osatzen duten talde guztiei; hala, sektore ahulenak pobretu ditu, eta errentak mantendu edo igo dizkie herrialdeko ekonomiaren barruan egoera onenean diren taldeei. Osasunarekin loturiko desoreka mailak bereziki kezkagarriak dira, eta arriskutsuak gure herrialdeko gizarte kohesiorako. Egoera ezezaguna da hau guretzat, baina are kezkagarriagoa da joera horren egonkortasun gero eta handiagoa. Egungo egoera sozial eta demografikoak aditzera ematen duenez, pertsona gehiago egongo dira urrakortasun egoeran osasunari dagokionez, baita urte gehiago eta baldintza prekarioetan biziko diren adin nagusiko pertsona gehiago ere, zaintza profesional eta sanitarioen premia handiagoekin, eta babes sozialeko premia gehiagorekin. Osasuna eskubide bat dela uste dugu, baita politika publiko guztiekiko zeharkakoa den gai bat ere; hala nola, enplegua, etxebizitza, elikadura, azpiegiturak, hezkuntza, justizia, haurtzaroa, eta abar.

Osasuna eskubide gisa eta osasungintza hari laguntzen dion faktore gisa ikustea estuki lotuta dago lortu nahi dugun finantzazio ereduarekin: finantzazio publikoa, zerga progresiboetatik eratorritako ordainketei lehentasuna emango diena, eta zerbitzuak erabiltzen dituzten pertsonen patriketatik datozen ordainketa pribatuak, bi aldiz zergapeturikoak, minimizatuko dituena.

Era berean, osasuna politika publiko guztien erdigunean jartzeagatiko apustu irmoa egiteko, aintzat hartu dugu politika horietako gehienek osasunaren gizarte determinatzailetakoren baten gainean eragiten dutela (faktore sozioekonomikoak, ingurumena, ingurune bizigarria, eta abar); horiek gizabanakoen osasunaren amaierako emaitza mugatzen dute, eta eragina izaten dute haiek bizi ohitura batzuk ala besteak garatzeko duten gaitasunean. Pertsonek bizitza duina, eta ondorioz, osasun hobea, izan dezatela bermatu ahal izateko lan egingo dugu.

Badakigu osasun sistemek egoki funtzionatzeko ezinbestekoa dela haiek honako irizpide hauek jarraitzea: unibertsaltasuna, ekitatea eta solidaritatea, gardentasuna, parte hartzea, eraginkortasuna, integritatea, jardunbide egokiak, etika eta baterako erantzukizuna.