Edukira joan

MIGRAZIOAK

Elkarrekin Podemoseko Programa (deskargatu)

Elkarrekin Podemos herritarren zerbitzuko tresna bihurtzeko xedean sortu da, Giza Eskubideen errespetua eta defentsa errealitate bihurtuko duen gizarte justuagoa eta inklusiboagoa sortzeko. Elkarrekin Podemosen iritziz bizilekua (eta ez nazionalitatea) da herritartasunaren oinarria eta, zera proposatzen du, hain zuzen ere, egiazko eskubide berdintasuna, bizikidetza, diskriminazioen aurkako borroka eta Euskadin bizi dugun aberastasun soziokulturalaren balioztatzea migrazioaren arloan aurkeztu duen programaren ardatz nagusiak izatea.

Migrazio zikloaren aldaketaren aurrean aurkitzen gara egun, eta arlo honetako ekintzaardatz nagusiak sakon birpentsatu eta berrirudikatu behar ditugu horrenbestez. Euskadi migrazio eta immigrazio ziklo desberdinetan barrena eraiki da historian zehar. Berezkoa dugu dibertsitatea eta egun egonaldi luzeko populazio atzerritarra eta migrazio balantze orekatua ditugu Euskadin. Errealitate horren aurrean, bizi dugun dibertsitatea positiboki kudeatzeko neurriak proposatu behar ditugu inolaz ere.

Gizarte kohesioa hautsi eta gizarte osoaren aurrerapena oztopatu baizik ez dute egiten pertsona migratuak baztertzen eta kriminalizatzen dituzten politikek. Elkarrekin Podemosen ustez, eskubide berdinak eduki behar dituzte pertsona nazionalek eta pertsona migratuek eta xede horretara orientatu behar dira hau da, eskubideak eta normalizazioa hartu behar dituzte helburutzat, migrazioaren arloko politika publikoek. Arrazoi horregatik beragatik, pertsona migratuentzat ez ezik herritar guztientzat dira, halaber, programa honetan proposatu ditugun neurri gehienak, gizarte bizikidetza eta kohesioa bultzatzeko eta gerta litezkeen biktimizazio edota baztertze prozesuak saihesteko.

Aurrean dugun hauteskunde ziklo honetan funtsezkoa da administrazioaren aldetik Euskadin bizi diren pertsona guztiei eskainiko zaizkien kalitatezko zerbitzu unibertsaletan oinarrituriko politika, eta irmo eta deliberatuki egin behar dugu apustu praktika horien alde, kontuan hartu gabe pertsonen etnia, jatorria, adina, nortasuna edo ideologia. Gizarte bizitzako esfera guztiekin loturik daude migrazioa eta dibertsitatea, eta guztizko modu integralean ekin behar zaie beraz, ez soil-soilik enpleguan edo integrazioan oinarrituriko neurri partzialen bitartez. Beste gai batzuk, hala nola gizarte, kultura, kirol eta abarretarako politikak, hartu behar dira halaber kontuan, herritar guztien eguneroko bizitzan eta bizikidetza ahalbideratzen duten testuinguruen sorreran duten eragin handiagatik.

1. Gobernantzaren eraldaketa

Azken hamarkada hauetan, aliantza sendoak bideratu dituzte lurralde maila desberdinetako gobernuek ekonomia eta finantza arloarekin, eta elkartze horren ondorioa da demokraziaren eta herri subiranotasunaren eraikuntzan bizi dugun porrot handia, Administrazioak ez baititu herritarrak botere publikoaren jardunean parte hartzaile bihurtu; aitzitik, elite ekonomikoekin (enpresa handiak, finantza taldeak, eta abar) partekatzen ari da botere publikoa.

Gertaleku konplexu honetan, ezinbestekoa da gizarte zibilak gobernantzaren aldaketan oso paper garrantzitsua jokatu beharra daukala ulertzea. Funtsezko subjektu politiko, kultural eta ekonomikoa da gizarte zibila, eta ordezkaezina gainera, garapenaren, gizartearen demokratizazioaren eta Giza Eskubideen errespetuaren aldeko bidean aurrera egingo badugu. Elkarrekin Podemosek etengabe egingo du lan demokrazia parte hartzailearen eta herritarren ahalduntzearen alde, eta bide horretan ez du diskriminaziorik onartuko. Zera esan nahi du horrek guztiak kasu honetan, mekanismoak bideratuko ditugula herritarrek politika eta proiektu publikoetan zuzenean parte har dezaten, abiapuntua aurrez zehaztu ondoren gehienaz ere sostengu-emaile soil izatera behartzen dituzten moduak alde bat utzirik.

2. Politiken osotasuna eta zeharkakotasuna

Luze jo du dagoeneko, eta indarrean dirau egun ere, pertsona migratuak modu berezian, gainerako herritarrak ez bezala, hartu beharreko kolektibo berezitzat dauzkan ideiak. Pertsona migratuen arloan bideratu beharreko esku hartzeak, gainera, eskuarki lotu izaten dira gizarte zerbitzuekin, hau da, gizarte hausturarekin eta bazterketarekin.

Arrazoi horrexegatik bultzatu nahi ditu Elkarrekin Podemosek pertsona immigratuagan edo migrazioan zentratuko ez diren politikak, eta haien jo-miran egongo dira betiere lurralde edota sektore bateko herritarrak ukitzen dituen arazo zehatz baten jatorria eta ondorioak. Zeharkako izaeraz integratu beharra dago kultura, etnia, erlijio eta bestelako dibertsitateetatik enplegu, etxebizitza, hirigintza, hezkuntza, gazteria, osasun, parte hartze eta beste arlo guztietako politika publikoetan bideratuko den begirada. Ez dugu esan nahi, ordea, pertsona migratuek jasaten dituzten eskubide urratzeen berezitasuna aintzat hartu behar ez denik: urratze horiei auzoen arteko logikatik ekitea proposatzen dugu guk, herri subiranotasunaren jardun erreala ekarriko duen gizarte sare sendoa egituratuz.

3. Herritartasuna bizikidetza gisa

Orain arteko politika, ekonomia eta gizarte ereduak bazterketa, diskriminazioa eta segregazioa ekarri dituen herritartasun prozesu bereizgarri batera eraman gaitu. Migrazioa kudeatzeko modu bereizgarriek gizarte haustura sakona eragin dezakete prozesu baztertzaileen bitartez (gu VS haiek), eta etengo dira horrenbestez herritartasun loturak.

Ezinbestekoa da kolektibo desberdinen asimetria ezagutzeko aukera emango diguten estatistikak bideratzea. Alabaina, beharrezkoa da diagnostiko horren ondoren garatuko diren neurriek ez ditzaten gizarte bazterkeria eta kolektiboen estigmatizazioa handiagotu, baizik eta, aitzitik, desberdintasunak murritzaraziko dituzten neurri integralak bultzatu.

4. Tratu berdintasuna

Arestian aipaturiko oinarriak ezin garatuko dira baldin eta abiapuntutik beretik egiazko tratu berdintasunik ez badago. Gertatzen diren desberdintasunak eta haien artean dagoen elkarreragina ezagutzea eta aitortzea da aurreneko urratsa, ondoren tratu berdintasunaren aldeko eta diskriminazio ororen aurkako politika integralak abiaraziko badira.