Edukira joan

LGTBIQ+

Elkarrekin Podemoseko Programa (deskargatu)

Arau heterosexualaren bidetik jotzen ez duten pertsonak ezkutatzen dituen gizarte heteropatriarkalean bizi gara. Haien existentzia ezkutuan gordea den arren, dagozkien eskubideez gozatzeko eta genero nortasuna eta sexualitatea hautatu duten moduan bizitzeko eskubidea dute LGTBIQ+ kolektiboek (lesbianak, gay-ak, transexualak, transgeneroak, bisexualak, intersexualak, queer-ak, eta abar), eta inork ere ez du aukera eta eskubide horiek ukatzeko eta ez onartzeko eskubiderik.

Genero nortasuna eta orientazio afektibo-sexuala ezin daitezke aske eta edozein motatako biolentzia eta diskriminaziorik gabe bizi ahal izateko oztopo izan. Urratsak egin behar ditugu generoan oinarrituriko botere harreman desberdinak izango ez diren gizarte sistemaren aldeko bidean. Sexuen arteko gutxiagotasun eta mendekotasun kontzeptuetan oinarrituriko jokabide eta praktika estereotiporik gabe aintzat hartuak eta heziak izan nahi dugu, gizartearen garapena eta ongizatea bultzatu nahi ditugu, bai eta bizitzako politika, gizarte, kultura eta beste arlo guztietan baldintza berberetan parte hartu ere, giza eskubide unibertsalez bete-betean gozatuz.

Elkarrekin Podemosek ongi daki intergenero pertsona kolektibo bat badagoela, eta instituzioek, medikuntza praktikak eta gizarteak, oro har, kolektibo hori sistematikoki zapaltzen eta ezkutatzen dutela. Horregatik diogu genero nortasun alternatiboak ere legezkoak direla.

Genero nortasun alternatiboak dituzten pertsonen, hau da, pertsona ez-zisgeneroen, artean, aintzat hartu beharrak dira pertsona transgeneroak eta genero nortasun ez-bitarrak dituzten pertsonak (ageneroak, bigeneroak, intergeneroak, hirugarren generokoak, eta abar). Pertsona bakoitzak bere genero nortasuna hautatzeko eta sendotzeko askatasuna aldarrikatzen du Elkarrekin Podemosek.

Zorigaitzez, gure gizartean diraute betiere Gorroto Delituek eta LGTBIQ+fobiak, eredu heteropatriarkalaren ondorioz. Gero eta pertsona gehiago ausartzen dira salatzera, baina asko dira oraindik haien aurrean beldurrez isiltzen direnak. Amaitu beharra dago egoera hau, errotik erauzi beharrak dira Gorroto Delituak, iruzkin eta txiste laidogarrietatik eta irainetatik hasi eta eraso eta hilketekin buka. Elkarrekin Podemos irmo eta artesirik gabe agertuko da beti edozein homofobia, lesbofobia eta transfobia agerraldiren aurka, eta horrelakoak guregandik betikoz lekutzeko ahaleginean jardungo du beti.