GIZARTERATZEKO ESKUBIDEA

Gizarte politiken arloko Eusko Jaurlaritzaren eskumen nagusia, bakarra ez bada ere, legeak egitea dela jakinda, garrantzitsutzat jotzen dugu zer testuingurutan gabiltzan deskribatzea, horren gainean egingo baititugu gure proposamenak.

Euskal Autonomia Erkideagoko (EAE) gizarte zerbitzuen euskal sistemaren gainean abenduaren 5eko 12/2008 Legeak, Gizarte Zerbitzuei buruzkoak, agintzen du. Legearen abiapuntua da gizarte eskubidetarako sarbidea autonomia erkidegoko herritar guztien eskubide subjektiboa dela, eta hortaz, “Ongizate Estatuaren egiazko zutabe izango litzateke, herritar guztientzako erantzukizun publikoko sistema gisa eratuta”. Baina errealitatea da, praktikan, ez dela zutabe hori.

Abiapuntu horren gainean, 2008an onarturiko legeak ez du arauzko garapenik izan 2015era arte, alegia, 7 urte geroagora arte. Hori horrela izanik, 2016. urtea aldaketaz josita egon da EAEko gizarte zerbitzuen panoramari dagokionez; izan ere, haien funtzionamendua eta egitura errotik aldatuko da, eta horregatik da zaila proposamen global bat egitea oraindik proposamen bat besterik ez den sistema bat hobetzeko.

Adierazitako araudiaren barruan, sistemak lehen mailako gizarte zerbitzuen sail edo katalogo bat du (biztanleria guztiarentzako sarbide unibertsala), eta bigarren mailakoen beste bat (arazoaren eta/edo bete beharreko eskabideen araberakoa). Bigarren mailako zerbitzuetarako sarbidea izateko, aldez aurretik, pertsonaren gizarte bazterkeria mailaren eta/edo mendetasun mailaren balorazio bat egin behar da (eskaeraren arabera).

Amaierako helburua, indarreko legediaren esparruan, gizarte bazterkeria zein mendetasuna baloratzeko kontzeptu komun batean oinarritzea da. Neurri horien aplikazioa, praktikan, desorekak eragiten ari da lurraldeetan, eta kaosa gizarte zerbitzuen kudeaketan, aurreikuspenean eta horniduran bertan parte hartzen duten eragile guztientzat eta, bereziki, sistemaren onuradunentzat.

Sistemaren zerbitzuak eta baliabideak izaera tekniko, teknologiko eta ekonomikoko prestazioetan banatzen dira. Gizarte zerbitzuetako edozein eskuratzeko, oinarrizko Udaleko Gizarte Zerbitzuen bitartez eskatu behar da. Dena dela, badira zuzeneko sarbidea duten zerbait zerbitzu larrialdi egoeretarako; horiek ere zehaztuta daude araudian (indarkeria matxistako kasuak, gizarte larrialdiak, eta abar), baita salbuespenak ere, zuzenean bigarren mailako zerbitzuetatik eginiko sarbideetarako.

Prestazio ekonomikoak pertsonen autonomia lortzera zuzenduriko sistemaren elementuak dira, eta teknikoen eta teknologikoen osagarri (ez ordezko). Hainbat mota daude, baina sinplifikatu egingo ditugu, honako puntu hauen bidez:

1. Gizarte laguntza informala eskaintzen duten pertsonei laguntzera eta konpentsatzera zuzenduriko prestazio ekonomikoak. Prestazio indibidualak dira, prestazio teknologikoak erosteko laguntza teknikoetarako sarbidea errazteko, baita Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistemarako sarbide eza estaltzera zuzenduriko zerbitzu pertsonaletarako sarbidea ere.

2. Herritarren gizarteratzea eta/edo autonomia erraztera zuzenduriko prestazio ekonomikoak.

  • Aurrekontua egotearen araberako prestazioak: gizarte larrialdiko laguntzak, hau da, prestazio puntual eta finalistak, kontzeptu jakin batzuk estaltzeko. Udal kudeaketako prestazioak dira eta, urtero, aurrekontua agortu egiten da udalerri gehienetan, estali beharreko premia guztiak estaltzea lortu gabe.

  • Eskubide subjektiboko prestazioak: Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta.

Diru Sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) izaera periodikoko prestazio ekonomikoa da, eta, esan bezala, eskubide subjektibokoa. Oinarrizko premiekin loturiko gastuei, zein laneratzeko edo gizarteratzeko prozesuetatik eratorritako gastuei aurre egiteko behar adina diru-sarrera ez duten bizikidetza-unitate batean integraturiko pertsonei dago zuzenduta.

Prestazio hori inolako diru sarrerarik ez duten pertsonentzat izan daiteke, edo osagarritzat jo daiteke, lanetik edo bestelako prestazio edo laguntzetatik minimo batzuetara iristeko adina lortzen ez duten langile prekarioentzat.

Bestalde, EAEko etxebizitzako politika sozialei dagokienez, beste aldaketa une batean gaude; izan ere, duela gutxi onartu zen ekainaren 18ko 3/2015 Legea, etxebizitzari buruzkoa. Adierazitako legeak eskubide subjektibo bilakatu nahi du etxebizitza duin eta egoki bat izateko eskubidea EAEn bizi diren pertsonentzat. Legeak pertsonen premietara egokituriko etxebizitza baterako sarbidea bermatu nahi du, edo ordezko prestazio ekonomiko bat eskaini, etxebizitzaren prestazioa ezinezkoa den kasuetan. Gaur egun zalantzan dago legeak eskaintzen duen egiazko babes maila; izan ere, Etxebizitzarako Prestazio Osagarria kendu die, Etxebizitzarako Prestazio Ekonomiko berrirako sarbiderik eman gabe, egun hori kobratzen duten pertsonei. Etxebizitzarekin loturiko auzietarako aukerak Programako atal espezifikoan jorratuko dira.

Aurrekoaz gain, guretzat funtsezkoa da Familiei laguntzeko 2008ko 13/12 Legeari ekarpenak egitea. Lege horren helburua familia politika integral bat lantzeko esparrua eta oinarriak ezartzea zen, baina eskaini zaizkion baliabide ekonomiko urriak direla eta, asmoen adierazpen huts bat besterik ez da izan.

Gizarte babeseko gure sistemak pertsonak babestu behar ditu, eta aniztasuna aberastasun gisa jo. Horrekin lotuta, garrantzitsua da ikuspegi zabal bat izatea, inklusiboa, ez dadin inor bazterrean geratu.

Arlo horretan, oinarri-oinarrizkoa da pobrezia, genero indarkeria eta familia barruko indarkeria prebenitzea, eta berdintasuna sustatzea. Ez dugu apusturik egingo haurren pobrezia ezabatzeko, pobrezia energetikoa errotik kentzeko edo elikatzeko edo espezieak banatzeko programak indartzeko; izan ere, guretzat, “abizen” horiek aditzera ematen dute pobrezia partzelatuta dagoela eta, hortaz, hari zatika egin dakiokeela aurre, osotasunari erreparatu gabe. Bestalde, gure ustez Euskadin ez da tarteko urratsik eman behar, gure egoera sozialari, ekonomikoari eta legezkoari esker urratsak emateko eta pertsonen duintasunaren alde borrokatzeko eta pobrezia ezabatzeko moduan baikaude. Irmotasunez sinesten dugu egingarria eta bideragarria dela banaketa orekatuago eta bidezkoago bat eginez gero.

Aurreko guztiarekin, Elkarrekin Podemos alderdian apustu argia egiten dugu pertsonak erdigune izango dituzten politiken eta arreta zerbitzuen alde, begirada bereziki zuhurra jarrita herritarren diru-sarreren eta ongizatearen bermean, pertsona guztien aukera berdintasunean, eta lana eta zaintzak bateratzeko neurriak erraztuko dituen sistema batean.

  • Gizarte Zerbitzuen Euskal Sistema

  • Gizarteratzeko politikak