POLITIKA INSTITUZIONALA: ZEHARKAKOTASUNA POLITIKA PUBLIKOETAN

Elkarrekin Podemoseko Programa (deskargatu)

Arazo publiko bihurtzen denean, hau da, talde garrantzitsuak ukitzen dituenean eta haren aurrean Estatuaren parte hartzea galde egiten denean, igarotzen da gai bat agenda publikora. Hori gertatzen denean esan dezakegu haren osagai bilakatu dela halako afera. Duela urte batzuk Genero Berdintasunak jendearen artean interes eskasa sorrarazten zuela bagenion ere, argi eta garbi esan dezakegu egun atzera egiteko betarik gabe sartua dela dagoeneko agenda politikoan, etenik ez duen biolentzia matxistaren ekinarengatik batez ere, urtero ehunen bat emakume hiltzen eta milaka emakume mota guztietako eraso matxisten mendean ezartzen dituen aldetik. Premiaz berraztertu beharra dago inolaz ere gai horren inguruko ikuspegi politikoa. Gaia lehentasunen agendan ezartzea lortu du mugimendu feministak eta Estatu arazoen maila berean tratatzeko eskatu dute egun talde politikoek.

Elkarrekin Podemosek apustu garbia egin du Berdintasunerako politiken izaera ziklikoa gainditzearen alde, aginte txandan dagoen alderdiaren mendean gelditzen baitira. Agendaren barruan egonagatik ere, bazterrean utzi edo, alderantziz, arreta handiagoz hartu izango dira, agintean dagoen alderdiaren ideologia politikoaren arabera. Ahultasun hori dela kausa, ez gara egungo sistema insolidarioa probokatzen ari diren desberdintasunak errotik erauzteko aukera emango diguten aldaketa sakonerako urratsak egiten ari. Politika horien izaera, nolabait esan, “endemiko” hori ekidin ahal izateko, behar-beharrezkoak dira bizi garen sistema heteropatriarkalean oinarrituriko gizarte androzentrikoaren ordez gizarte justuago eta iraunkorrago bat sortzeko gauza izango diren politika feminista eraginkorrak eta zeharkakoak. Gizarte berri horretan errealitatea izango da Genero Berdintasuna eta ez albiste soil bat, urteroko martxoaren 8an edo azaroaren 25ean iritsiko dena.

Horretarako:

  • Genero Berdintasunerako Saila sortuko dugu, eta talde feministek hartuko dute parte haren diseinuan eta abiarazte prozesuan.

  • Egiturazko baliabide handiagoz (bitarteko materialak eta ekonomikoak) bultzatuko dugu Emakunde, Emakumearen Euskal Erakundea, haren urteko aurrekontuan % 10eko emendioa bideratuz, emakumeen eskubideen aldeko lana modu eraginkorrean eta errealitatean oinarritua egin ahal izan dezan, eta Erakunde horrek, emakumeen eta gizonen arteko Berdintasunaren alde lanean ari diren hainbat programaren bitartez, talde desberdinei ematen dieten laguntza berma dadin. Horrenbestez saihestu ahal izango dugu programa horiek ez gauzatzea edo agintean dagoen alderdiaren iritzien araberakoak izatea.

  • Berdintasunerako eragileen irudia bermatuko dugu Instituzioetan, enpresa publikoetan eta kapital publikoak partea duen enpresetan.

  • Izaera orokorrez, arian-arian handiagotuko dugu Genero Berdintasunera zuzenduriko aurrekontua, gutxieneko zenbatekoa aurrekontu orokorraren % 1 duen kopurutik abiaturik, eta aurrekontuaren % 1eko kopurua ziurtatuko zaio Eusko Jaurlaritzako sail bakoitzean, haren alde gutxieneko baliabideak bermatzeko.

  • Instituzioetatik bultzatuko ditugu emakumeen elkarteratzea eta generoaren ikuspegia zainduko dituzten erakundeak, bestelakotasuna ere kontuan harturik.

  • Emakumeen parte hartze parekidea bermatuko da administrazio eta gobernu maila guztietan, bai eta Administrazioaren menpeko elkarte, enpresa eta erakunde publikoetan ere.

  • Modu eraginkorrean arautuko dira administrazioaren esparrutik zabalduriko publizitate eta mezu instituzionalak (kapital publikoa duten enpresak ere esparru horretakotzat jorik), balio sexista, matxista edota homofoboen eta emakumeen aurkako genero eta biolentzia estereotipoak sustatzen dituzten mezuen transmisioa ekiditeko.

  • Emakumeen parte hartzea bermatuko da Eusko Jaurlaritzaren baitan bideratuko diren hirigintza proiektuen plangintzan, ekipamenduen eskariak aintzat har daitezen eta plangintzetan emakumeen genero ikuspegiaren araberako ikuspuntuak eta bizipenak kontuan har daitezen.

  • Mekanismoak abiaraziko dira gobernu aldaketa garaian aurrez abiaturiko prozesuen iraunkortasuna bermatzeko, baldin eta Genero Berdintasunaren alde eraginkorrak eta gizartean eragingarriak direla frogatu bada.

  • Emakumeen Euskal Kontseilua abiaraziko dugu berdintasunerako politiken diseinua eta ebaluazioa talde feministek parte hartuko duten parte hartze mekanismoen bitartez gainbegiratzeko.

  • Emakume immigratuen arretarako jarraipen kanpainak bideratuko dira, generoa eta jatorria direla medio diskriminazio bikoitza jasaten duten aldetik.

  • Baliabide eta funts publikoetarako bidea eragotziko zaie ideologia matxista, misoginoa, sexista edota homofobikoa duten edo kolektibo horien aurka ekintzaren bat egin duten talde eta erakundeei

  • Sarrarazi eta aintzat hartuko dira lehiaketa publikoetan parekotasuna eta genero berdintasuna modu eraginkorrean sustatzen dituzten klausulak.

  • Beren ekitaldietan parekotasuna errespetatzen ez duten jarduerak edo ekimenak inolaz ere ez bultzatzeko edo laguntzeko, eta haietan presente ez egoteko, exijituko zaie erakunde publikoei.

  • Ikasketa eta ikerketa lerroen sorrera bultzatuko dugu osasun eta generoaren arloan. Osasunean eta eritasunean generoaren bitartekaritza identifikatzera bideraturiko ikerketa lerroak garatuko ditugu horretarako, bai eta osasun sistemara ikerketaren ondorio nagusiak ezagutarazteko mekanismoak ere.

  • Genero irizpideak aintzat hartuko diren zerga erreforma progresiboaren inplementazioa bultzatuko dugu.

  • Genero ikuspegia aintzat hartuko duten aurrekontuak bultzatuko ditugu.