ERANTZUNKEDETASUNA ETA BIZITZA PERTSONALA, FAMILIA ETA LANAREN UZTARTZEA

Elkarrekin Podemoseko Programa (deskargatu)

Kapitalaren metatzea agintzen duen logika sistema kapitalistaren azken helburua den bitartean, paper estrategikoa beteko dute zainketek, pertsona guztiek beharko baitituzte beren bizitzan zehar. Zainketa premiaren eta kapitalaren balioztatze premien logika kontrajarrien aurrean, begien bistakoa da egungo sistemak bigarren logika lehenesten duela –ezinezkoa da biei aldi berean erantzutea–, eta horrenbestez sortu dira bizitza pertsonala, familia eta lana “uztartu” ahal izateko arazoak, zainketa lan gutiz gehienak esparru pribatuan bideratzen direlako eta lan horiek emakumeek gauzatzen dituztelako. Halatan, begien aurretik ezkutatzen dira lan horiek eta, aldi berean, ez zaie duten balio ekonomikoa ematen.

Tranpa da egun emakumeentzat bizitza pertsonala, familia eta lanaren arteko uztartzea. Hasieran, lana eta bizitza pertsonala uztartu ahal izateko egituratu zen tresna hura batez ere emakumeek baliatzen duten tresna dugu egun. Izan ere, kontzeptu hori gainditzeko eta erantzunkidetasunerako neurri eraginkorrak hartzeko garaia iritsia da dagoeneko, emakumeak eta gizonak baldintza berdinetan bizi ahal izan daitezen, hala esparru pribatuan nola publikoan. Beharrezkoa da, gure ustez, egun bizitza pertsonala, familia eta lana uztartzeko bideratzen ari diren neurriak gainditzea, haien oinarrian baitago emakumeak kolektibo arazotsutzat hartzen dituen aurre-definizioa eta, horren ondorioz, emakumeak dira aintzat hartzen diren ekintzen lehen helburua. Bestalde, “uztartze” horren oinarrian dago, halaber, emakumeak, lana eta familia bizitza batera eraman ahal izateko, laguntza jaso beharreko amak eta langileak direlako ustea.

Okerrak eta denboraz kanpokoak iruditzen zaizkigu planteamendu horiek. Zainketaren arduradun nagusi bailiran hartzen dira emakumeak, eta zainketaren arazoa haiena ez beste inorena dela ematen du gainera. Logika horri segituz, beren bizitzan bideratu beharreko aldaketen eta egokitzapenen erantzule bihurtzen dira emakumeak, ez ordea gizonak. Gure iritziz, ezinbestekoa da diskurtso hori aldatzea eta erantzunkidetasunean oinarrituriko irtenbide errealak bilatzea.

Premiazkoa da, gure ustez, soldatapekoaren egoera baino areago, lanaren adiera berritzea, ordaintzen ez den arren bizitzaren iraunkortasunerako horren beharrezkoa den zainketa lana agerian utziz eta dagokion balio ekonomikoaz hornituz.

Beharrezkoa da bizitzaren iraunkortasunean oinarrituriko erantzukizun soziala sortzea, elkarren mendeko izaki gisa dugun izaera agerian utziz. Premiazkoa da bizitzari eusteko ahalegina posible egiten duten lanen balioa agerian uztea, eta zainketen ardurak birbanatzea, pertsona bizitza, familia eta lana "uztartu" ahal izateko bizi diren tentsioak jendaurrera eramanez eta ez norbanakoaren esfera pribatuan utziz.

Horretarako:

  • Bizikidetza unitateen aldeko politikak bideratuko dira, eredu desberdinak kontuan harturik: hazkuntza, erantzunkidetasuna, lanaren uztartzea eta beste.

  • Ekintza positiboak bultzatuko dira gizonek lana eta pertsona bizitza uztartzeko neurriak erantzunkidetasunaren arabera har ditzaten.

  • Akordioak bultzatuko ditugu arloetan amatasun eta aitatasun lizentziak zabal daitezen. Aitatasun lizentzia ezinbestez bete beharko da betiere, eta soldataren % 100 ordainduko da horrelakoetan beti.

  • Elkarrekin Podemosek lan araudi berri bat abiaraziko du pertsona, bizitza eta lanaren uztartzearen, zuzentasunaren eta erantzunkidetasunaren alde, hartan enpresa mundua ezinbestez inplikaturik eta neurri horiek kudeatzerakoan helburua soil-soilik emakumeak izan ez daitezela zaindurik, horrela jokatuz gero ondorio negatiboak izan baititzakete neurri horiek emakumeen karrera profesionalean eta etorkizuneko prestazioetan.

  • Etxe eta eskoletan baliabideak eta laguntzak zabaltzeko neurriak hartuko dira, bizitzako lehen urteei begira.

  • Neurri horietan kontuan hartuko dira, halaber, banandu ondoren bizikidetza unitateak bizi izango dituen bilakaera eta aldaketak, adin txikiko pertsonen zaintza genero berdintasunaren araberako irizpideen arabera gauzatzeari arreta berezia jarriz, eta emakumeen aurkako biolentzia kasuetan bazterketa bideratuz.

  • Aldatu eta egiaz abiaraziko dugu Elikadura Pentsioen Funtsa, dibortziaturiko bikoteen kasuan.

  • Amaren bularra hartzeko laguntzak ospitaleetan eta beste gune publiko eta pribatuetan

  • Lagunduriko ugalketarako sarbidea bermatuko zaie emakume guztiei osasun sistema publikoan.

  • Elkarrekin Podemosek une oro bultzatuko du bizitzaren iraunkortasunaren aldeko ekonomia baterako igarotzea, ikuspegi feminista batetik.