ENPLEGUA ETA LANA

Elkarrekin Podemoseko Programa (deskargatu)

Sexuaren arabera banaturik ageri zaigu lana gure gizartean: arren rolarekin identifikatu ohi da produkzioa edo ekoizpena, eta emeen rolarekin erreprodukzioa edo ugalketa. Bereizkuntza honek desberdintasuna sorrarazi du emakumeen lan merkaturako sarrera eta haren ondoriozko sustapen ekonomikoa gauzatzerakoan. Ordaindua dena da enplegua eta, ordaindu izan eta ez, pertsona guztiek egiten dutena da lana. Halatan, dikotomia horretatik abiaturik, enplegu gehiago dute gizonek, hau da, ordaindu egiten zaie egindako lana, eta ordaindu gabeko lan gehiago egiten dute emakumeek, eta lan hori hain gordean, lan gisa ageri ezinik, eduki izan da luzaroan non ez baita lantzat ere hartua izaten. Behin eta berriro erakusten ari zaizkigu kopuruen inguruko datuak egoera hobetu baino ari dela larriagotzen, eta gero eta emakume gehiago aurkitzen direla pobrezian.

Elkarrekin Podemosek oso garbi du estereotipo sexistak direla lan esparruko desberdintasunaren sorburuetako bat. Ezinbestekoa da, beraz, arlo eme eta/edo arlo arren arteko sasi-bereizkuntza bertan behera uztea. Halatan, lanaren arloko heziketa eta prestakuntza programak abiaraziko ditugu generoaren arabera bereiziriko arlo horiek ezdeusean uzteko, eta egiteko horretan bereziki ekingo diegu ikuspegi horren kultura erroei, egungo errealitatea bihurrikatzen ari diren aldetik.

Egiteko politikoaren giltzarria da enpleguaren gaia eta, gure ustez, lehentasuna eman behar dio inolaz ere Elkarrekin Podemosek, arlo askotan eta premia handiz abiarazi beharreko ekintza eta politiken bitartez, emakumeentzat enplegu duina, haren perfilaren eta ez sexuaren araberakoa, bermatuko badugu eta, batez ere, hemendik aurrera pobreziak emakume aurpegirik ez agertzea lortuko badugu.

Gure ustez emakumeen ahalduntzearen bitartez baizik ez da gauzatu ahal izango generoaren araberako diskriminazioa ezdeusean utziko duen gizarte eraldaketa, eta emakumeek esparru pribatu eta publiko guztietan eta, bereziki, politikaren eta lan eta gizarte harremanen esparruetan, erabakitzeko eta parte hartzeko gaitasuna dutenean baizik ez da ahalduntze hori benetan eraginkorra izango.

Garaia da emakumeak “parte hartzera animatzeko" deiak egitera mugatzen diren diskurtso konformistak gainditzeko, iritsi da emakumeek postu politikoetan eta enpresetako erabakietan modu parekidean parte hartzeko duten eskubidea bermatuko duten planak eta jarduerak abiarazteko ordua. Beharrezkoa da emakumeen ordezkaritza maila baxu horren kausen inguruan sakon eztabaidatzea eta gogoeta egitea. Ezagututa baizik ez ditugu gainditu ahal izango eta, beraz, bada beste alde batera begiratzeari uzteko garaia.

Iritsi da, ezinbestekoa delako gaurgero, emakumeek bigarren mailako herritar izateari uzteko garaia. Iritsi zaigu sentsibilizazio hutsean oinarrituriko proposamenetatik aurrera jotzeko ordua.

Eta baliabide esanguratsuz hornituriko neurriak inplementatuko ditugu, emakumeen egiazko ahalduntzerako bidea zabaltzeko. Laneko araudi eta legerietan beharreko aldaketak bidera daitezela exijituko dugu, emakumeen eta gizonen arteko egiazko Berdintasunaren eta erantzunkidetasunaren alde, emakumeen “lanaldi bikoitza” deitua eta egun ere indarrean dirauen diskriminazio ekonomikoa saihestearren (izan ere, amore emanez bezala onartzen da egun emakumeek eta gizonek lan berberaren ordainetan soldata berbera ez jasotzea).

Proposamenak:

  • Lanaren sexuaren araberako bereizkuntza erreproduzituko ez duten lan eta prestakuntza programa berriak abiarazi.

  • Aski ez diren arren, beharrezko tresnak dira Berdintasunerako Planak lan esparruan Berdintasuna lortuko bada. Diskriminazio egoerak ekiditen dituzte eta kristalezko sabaiak ezdeusean uzten, eta bi generoen arteko erantzunkidetasuna eta bizitza pertsonala, eta familia eta lana uztartzeko neurri eraginkorrak eta errealak, abiarazteko aukera ematen dute. Halatan, Emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Legea betetzera beharturik diren aldetik, enpresa eta erakunde guztiei exijituko zaie Berdintasunerako Planak bideratu, landu eta inplementatzeko eta, benetako Berdintasunaren aldeko bidean, haien kontrol eta ebaluazioari begira beharrezko izango diren mekanismo eragingarriak eta eraginkorrak diseinatuko dituzte.

  • Nolanahi ere, egun baino baliabide gehiagoz lagundu eta sustatuko da Berdintasunerako Planen inplementazioa 3/2007 Legeak horretara behartu ez dituen enpresa guztietan (enpresa txiki eta ertainetan).

  • Emakumeen kontratazioaren % 50 bermatuko duten programak sortuko dira. Emakumeen laneratzea bultzatzeko landuko dira programa horiek eta ez da haietan inolako diskriminaziorik bideratuko: adina, arraza, jatorria, genero alternatiboa…

  • Klausula sozialak zehaztuko dira Euskadiko herri administrazioaren kontratu eta diru-laguntzetarako baldintza pleguetan, emakumeen presentzia ordezkaritza maila apala duten lan arloetan bermatzeko.

  • Guztiz kontrolatuko dugu emakumeen eta gizonen arteko soldata berdintasun printzipioaren betetzea eta lan egingo dugu soldata arrakala behin betiko ezdeusean uzteko, sorrarazten duten faktore guztiak kontuan harturik.

  • Politika zehatzak bideratuko ditugu, enpresetako erabaki-organoetan parekotasuna bermatzeko.

  • Sustapenerako programak abiaraziko ditugu arte, kultura eta ikerketa arloetako emakumeentzat. Berebat egingo dugu arren unibertsoaren esku dauden lan arlo guztietan.

  • Lan eta ekonomia jardunen adierazleak berraztertuko ditugu, ekonomiaren funtzionamenduari eta lanen banaketari buruzko datuak bizitzaren iraunkortasunaren ikuspegitik eman ditzaten, ordaintzen ez diren lanei ere arreta berezia jarriz.

  • Eskubide fiskalak bananduko dituen zerga politika bideratuko dugu, bizikidetza eredu batzuk besteren kaltetan sustatzeko aukera biderik gabe gerta dadin eta lanaren sexuaren araberako bereizkuntza bultza ez dezaten.