EMAKUMEEN AURKAKO BIOLENTZIA MATXISTAK: PREVENZIOA ETA ERROTIK KENTZEA

Elkarrekin Podemoseko Programa (deskargatu)

Haren mota guztiak kontuan harturik, gure gizarteak bizi dituen arazo mingarri iraingarrienetako bat da biolentzia matxista, eta guregandik errotik erauztea da Elkarrekin Podemosen xedea. Ahoa betean arbuiatzen dugu eta, haren aurkako borrokan, zeharkako izaerako neurri integralak abiaraziko ditugu gizarte eta erakunde maila guztietan, gure gizartea kolpatzen eta emakumeen eskubideei, duintasunari eta bizitzari zuzenean erasotzen dien gaitz nardagarri honi azkena emateko.

Gizarte Ituna eta Premiazko Plana behar ditugu lehen baino lehen, urtero ehunen bat emakume hiltzen eta milaka emakume mota guztietako eraso matxisten mendean ezartzen dituen biolentzia matxista guregandik errotik erauzteko. Biolentzia matxistaren aurreko prebentzio eta jardunerako politikak sustatu eta beharreko baliabideez hornituko dituen gobernu deliberatua behar du Euskadik, jakinik biolentzia matxistari azkena emateak edozein indar politikoren lehentasun nagusietako bat izan behar duela. Horretarako, bereziki bultzatu behar dira berdintasunean oinarrituriko hezkuntza politikak (koedukazioa), eta beharreko egiturak sortu behar dira, era berean, talde feministek jarduerarako protokoloen diseinuan, inplementazioan eta ebaluazioan zuzenean parte har dezaten.

Honez gainera, beharrezkoa da biolentzia matxista jasaten ari diren emakumeei beren osotasun fisikoa bermatzeko eta beren autonomiari eusteko behar dituzten gizarte baliabideak eskuetaratzea, xede horretan arreta osoa eskainiko dien baliabide sare zabala sorturik.

Elkarrekin Podemosek argi eta garbi kritikatu du beti emakumeak kasu gutiz gehienetan babesa eta laguntza behar duten biktima gisa agertzea, alde bat utzirik beren eskubideen eta beren autonomiaren alde borrokatzen ari diren subjektu eragileak direna. Horrexegatik uste dugu beharrezkoa dela paradigma hori gainditzea eta arazo larri honi ekiterakoan emakumeak izaki independentetzat hartzea, jasaten ari diren biolentziaren errudun eta erantzule bilakatzen dituen ikuspegia guztiz alboratuz.

Gaitz nardagarri honi azkena eman ahal izateko, gizartea aldatzen hasteko oinarriak jarri behar ditugula uste dugu, eta hezkuntza berreraiki behar dugu horretarako, sexualitatearen eta harremanen gaineko mito faltsuak gaindituz, eta familia heteropatriarkalaren eredua hautsiz.

Neurriak:

  • % 15ean handiagotuko dugu biolentzia matxisten aurkako eta haiek gure gizartetik errotik erauzteko borrokarako aurrekontua.

  • Gizarte Ituna bultzatuko dugu biolentzia matxistaren aurka. Hartan zabalduko dugun eztabaidak aukera emango digu egun indarrean dagoen sistemak egiazko premiei erantzuten ote dien jakiteko, eta sistema bakarra proposatuko dugu, emakumeen aurkako biolentziari erantzungo dion premiazko estrategia lantzerakoan.

  • Emakumeen Ahalduntze Eskolaren sorrera bultzatuko dugu autonomia mailan.

  • Berehalako eta epe luzeko arretarako baliabide material eta ekonomikoak zabalduko zaizkie biolentzia jasaniko emakumeei, baliabide horietarako sarbideak erraztuz.

  • Gelditu gabe egingo dugu lan biolentzia matxistaren hautemate eta prebentzio programak bultzatzeko. Oinarrizko abiapuntua izango da betiere biolentzia sorrarazi duten arazoetara jotzea eta arazo horiek agerian uztea.

  • Herritarren eta, bereziki, mugimendu feministen eta beste talde batzuen elkartasunean eta parte hartzean oinarrituko dugu ekintza gaitzesgarri hauek geuregandik errotik erauzteko lana eta, beraz, emakume sare informalen sorrera bultzatuko dugu biktimen sostenguari begira.

  • Biolentzia matxisten biktimei laguntzeko programa integralak bideratuko ditugu. Emakumeak egongo dira haien erdigunean, eta emakumeen berezitasun eta premien arabera egokitu eta sustatuko dira. Aukerak eta alternatibak bermatuko zaizkie emakumeei kasu guztietan, babesa kontrolaren gainetik lehenetsiz eta haien eskubideak eta babesa bermatzeko prozesua epaile-prozesutik bereiziz, eta emakumeek biolentzia girotik aldentzeko unean egin beharreko bidea erraztuz.

  • Biolentzia matxistaren prebentziorako programa bereziak abiaraziko dira ikastetxeetan, gizarte guneetan eta lantokietan.

  • Lege Integrala bultzatuko dugu pertsonen trafikoaren aurka, biktimek subjektu eskubidedun diren aldetik jokatu beharreko paper nagusia lehenetsiz, eta estatu, autonomia eta udaletako agintariekin koordinaturik jardungo dugu pertsona horiek babesteko, identifikatzeko eta hautemateko unean.