EMAKUMEAK, ALDAKETA GLOBALAREN ERAGILE

Elkarrekin Podemoseko Programa (deskargatu)

Genero Berdintasunaren arloko alderdi batzuetan aurrerapenak egin badira ere, desberdintasunerako faktore nagusiak ez dira gainditu eta, kasu batzuetan, atzera ere egin dugu haietan: atzerapen horren erakusgarri ditugu, inondik ere, Berdintasunaren aldeko politiketan eta emakumeen lan merkatu dagoeneko guztiz murriztailerako sarbidean zuzeneko eragina duten politika sozialetan (Osasuna, Mendekotasuna, Hezkuntza) bideraturiko murrizketak, eta Abortuaren Legearen erreforma, 18 urtetik beherako emakumeen sexu eta erreprodukzio eskubideak murrizten dituena.

Hein handiagoan jasan ohi dituzte emakumeek gizarteak oro har partekatzen dituen arazoak. Horregatik mintzo gara pobreziaren feminizazioaz, emakumeen langabeziaz, jarduera-tasa txikiagoez, prekarietate handiagoaz, eta abarrez. Halarik ere, badira era berean emakume izateak berak dakartzan arazo batzuk, gizarte ordena jakin baten eskutik datozenak. Izan ere, biolentzia mota desberdinak, zuzenekoak, kultura bidezkoak eta egiturazkoak, sorrarazten ditu eredu heteropatriarkalak, eta hilketa matxistak ditugu haien ondorio agerikoena eta jasanezinena.

Elkarrekin Podemosek ez ditu Genero Berdintasunean atzerapenik onartuko. Historiako protagonistak dira emakumeak eta gizonak, eta guztiok, emakumeok eta gizonok, izan behar dugu haren protagonista. Emakumeek espazio publikoan parte hartzeko aukera eduki dezaten, ezinbestekoa da espazio pribatuko aferak gizonen eta emakumeen artean modu zuzenean banatzea. Planteamendu horrek gure gizartearen eta hartan jokatzen ditugun rolen eraldaketa sakona eskatzen du inolaz ere; ongi ulertu behar dute gizonek genero pribilegioak dituztela eta haiei uko egin behar dietela, berez dagozkien arren askotan haietarako biderik gabe gertatzen diren eskubideak eduki eta batez ere gauzatu ahal izan ditzaten emakumeek.

Feminista da, zalantzarik gabe, ziklo politiko berria eta horrexegatik orientatu dira Elkarrekin Podemosen proposamenak paradigmaren aldaketara. Gure xedea da emakumeak bizitzako esparru guztietan integratzea eta pertsona guztiek integrazio hori aintzat hartzea, aldaketa globalaren egiazko eragilea izango den aldetik.

Lilurazko ispilatze autoatsegina bizi dugu Genero Berdintasunaren aurrean, gizartearen zati handi batek lorturiko helburutzat daukan aldetik. Zera da, aldiz, benetako errealitatea, diskriminazioa ekiditeko legeak berak ere ez direla betetzen ari: betetzen ez badira ez dago zigorrik, axolagabekeria handia da, eta ekintza soil-soilik kuantitatiboak baizik ez dira garatzen (nola, ekintza positibo batzuen bitartez, kuota batzuk lortu); beharrezkoak izanagatik ere, ekintza horiek ez dira gizarte justuagoa eta berdinagoa egituratzeko aski.

Ezinbestekoa da harago jotzea, desberdintasuna maila guztietan sorrarazten duten bidegabekeriak agerian utziko dituzten neurri kualitatiboei ekitea, haien kausak eta haien ondorioak zertan diren jakiteko. Gertatzen ari dena eta hala gertatzeko dauden arrazoiak ezagututa baizik ez dugu koherentziaz jardun ahal izango.

Pentsamendu bitar matxista eta, harekin batean, genero estereotipoak dakartza berekin eredu heteropatriarkalak. Mundua modu bitarrean interpretatzeko modu honek hierarkia eta arau eredu jakin batzuk sorrarazten ditu, eta gizarte talde nagusi menderatzaileek lantzen eta zehazten dituzte eredu horiek, gainerako taldeek, menderatuek, pentsatzen dutena bigarren planoan utziz. Horrenbestez legeztatu da gizarte desberdintasuna. Arrazoi horregatik, adibidez, hartzen da emetasuna negatibotzat, ahultzat, absentziatzat, ukotzat, kontinente iluntzat eta unibertso arra baino gutxiago den zerbaitzat.

Planteamendu hauei aurre egin ahal izateko, beharrezkoa da abiaraziko diren politika guztiek ikuspegi feminista edukitzea, eta horretarako pertsona guztiek parte hartu behar dute haien diseinuan eta inplementazioan, gizarte berdinzalea eraikiko bada eta eredu heteropatriarkala hautsiko bada. Horretarako, ezinbestekoa izango da, halaber, emakume guztiak bestelakotasunari erreparatuz kontuan hartzea, eta genero politikak ez bakartzea, baizik eta, haien zeharkako izaera kontuan harturik, gizartean eragina duten arlo guzti-guztietara hedatzea. Horrela jokatuz ziurtatu eta sendotuko da egiazko Berdintasun eraginkorra.

Gainera, Elkarrekin Podemosen iritziz guztiz garrantzizkoa da arketipo eta eredu heteropatriarkalen dekonstrukzio prozesu honetan gizonak ere inplikatzea, hartan parte hartzea: beharrezkoa da egungo gizarte ereduari aurre egingo dion paradigma berri bat aintzat hartzea, bestelakotasunean berdintasunerantz aurrerako urratsak egingo baditugu.

Laburbildurik, Politika Feministak dira, gure ustez, tresna indartsu eraginkorrenak, haien zeharkako izaerari eutsiz, gure gizartean nagusi diharduen sistema heteropatriarkal menderatzaileari azkena emateko eta emakumeen eta gizonen artean egiazko Berdintasuna lortzeko. Elkarrekin Podemos osatzen dugun emakume eta gizonen egiteko nagusietako bat da, inondik ere, Euskadin pertsonak, genero edota sexu aukera direla medio, jasaten ari diren desberdintasun edo diskriminazio mota guztiei azkena ematea.