DIRU SARRERA BERMATZEKO ESKUBIDEA

 

Elkarrekin Podemoseko Programa (deskargatu)

Euskadin, 1989ko Pobretasunaren Kontrako Osoko Planarekin jaio ziren txirotasunaren aurkako politika publikoak, 70eko hamarkadaren amaierako industria birmoldaketaren ondorioak eteteko asmoz. Esparru zabalago batera bideraturik zeuden, 90eko hamarkadaren hasierako Europar Batasuneko Merkatu Bakarraren ikuspegiaren arabera. 1992. urtean, egiaztatu zen txirotasun poltsa endemikoei aurre egiteko, autonomia erkidegoko aurrekontu arruntetan txertatutako egitura planak behar zirela. Harrezkero, aldakuntzak izan dituzte: GGDtik Oinarrizko Errenta desitxuratura bitarte (gizarte eragileen borrokatik sortua eta Legegintzako Herri Ekimen bihurtutakoa), indarrean dagoen abenduaren 23ko 18/2008 Legera iritsi gara, Diru Sarrerak Bermatzeari eta Gizarteratzeari buruzkoa (DSBE).

Txirotasunaren kontrako borroka planen 25 urte horietan, krisialdiak euskal herritarrengan eragindako ondoriorik gogorrenetako batzuk arintzea lortu den arren, ez da lortu oinarrizko arazoa konpontzea; hots, aberastasun banaketaren desoreka konpontzea, eta inola ere ez da izan horretarako irtenbide bat.

Eusko Jaurlaritzak pobretasunaren kontra gauzatutako politika guztiek ez dute lortu oinarrizko arazoa konpontzea, eta halaxe erakusten digute zenbakiek. 2015ean, EINeko datuen arabera, euskal herritarren % 17,5 pobrezia arriskuan zeuden, eta pobrezia larriaren indizea % 4tik gorakoa zen. Gainera, euskal etxebizitzen % 10etan baino gehiagotan arazoak zituzten hilabete bukaerara iristeko. Bestalde, prestazioak jasotzen dituzten pertsonen kopuruak gora eta gora egiten du etengabe: dagoeneko DSBEren 65.000 onuradun daude Euskadin, eta 55.000 pertsonak eskatu dituzte Gizarte Larrialdietarako Laguntzak.

Egoera hori izanik, ikus dezakegu gure datuak beste autonomia erkidego batzuetakoak baino hobeak izanagatik, erronka dakarkigutela. Ez ditugu onartuko adabakiak jartzeko besterik balio ez duten politikak. Oinarrizko eraldaketa bat egin nahi dugu eta, hala, herritar guztien estaldura bermatu.

Elkarrekin Podemosen, DSBEri buruz hitz egingo dugu, hura hobetzeko eta beharrezkoa duten herritar guztiek izango dutela bermatzeko, herritar guztientzat baliagarria den proposamen bat sortuz eta abian jarriz: Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errenta (BGOE).

Elkarrekin Podemosen, DSBEren kudeaketa kritikatzeaz gainera, pobretasun politiken ereduari ere egiten diogu kritika, orain artean ez baitu funtzionatu. Ziur gaude, gainera, aberastasuna birbanatzeko elementu gisa ere ez duela funtzionatuko, eta ezinbestekoa da, beraz, paradigma aldaketa bat egitea.

Dena den, jakin badakigu pauso bat harago emateko beharrezkoa dugula masa kritikoa egitea. Badakigu funtsezkoa dela pertsonei botere handiagoa ematea euren bizitzari buruz erabakitzeko; besteak beste, herri gisa ditugun premietara hobekien egokituko den gizarte eredua sortzeko eta, betiere, Euskadirentzat nahi dugun etorkizuna diseinatzeko zereginean pertsona guztien parte-hartzea bermatuz.

Elkarrekin Podemosen, Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errentarantz joateko apustua egingo dugu, baldin eta guztiok horretan bat bagatoz. Bide hori egin bitartean, ukaezina da beharrezkoa dela sistema hobetzea eta, horrenbestez, letra larriz idatzitako ESKUBIDEAREN aldeko apustua egingo dugu. Gizarte prestazioak “eskubide bihurtzearen aldeko apustua egingo dugu, sufragio unibertsala ere eskubidea den moduan; izan ere, bozkatzera goazenean inortxok ere ez digu galdetzen gizonak ala emakumeak, homosexualak ala heterosexualak, katolikoak ala musulmanak... garen”. Iruditzen zaigu Baldintzarik Gabeko Oinarrizko Errenta herritarrei indarra eta askatasuna emango dien behin betiko tresna izan litekeela. Borrokaren bidez lortu nahi dugun gizarte bidezkoago bat eraikitzeko gutxieneko lurzorua izan liteke.

Denbora behar dugu ideia hori egia bihurtzeko babesak eta estrategiak lortzeko. Horregatik, ezagutarazi egingo dugu, horri buruz eztabaidatzeko aukera izateko konpromisoa hartuko dugu, hari buruz ikasiko dugu eta, batez ere, gure eskubideak bermatzeko behar ditugun mekanismoei buruzko erabakiak hartuko ditugu. Erabakitzeko eskubidea garrantzitsuak diren beste erabaki ugaritara zabaldu beharrean gaude. Kasu honetan, herri honen bizibaldintzak bermatzeko eskubidera zabaltzea proposatzen dizuegu.

Prozesu hori egikaritu bitartean, euskal herritar ugariren prekarietate egoeraz jabetuta, uste dugu DSBEren kudeaketa negargarria hobetzeko neurriak proposatu behar ditugula, eta eskubide subjektiboa zabaldu egin behar dugula, gaur egun askatasunez eta duintasunez ibiltzeko gutxieneko lurzorurik ez duten pertsona guztiek ere izan dezaten.

Jakin badakigu zeinen berritzailea den gure planteamendua, eta jakin badakigu sistema ekonomikoa eraldatzeko premia dagoela. Guk sistema horren erdigunean pertsonak jarri nahi ditugu. Zerga iruzurraren aurkako konpromisozko borrokak era honetako ekimen bat abian jartzea bermatuko luketen diru sarrerak emango lizkiguke. Horregatik, helburu horretarantz joko dugu.

Gure lehentasuna euskal gizartea babestea da. Hori lortzeko, lehendik ditugun tresnak baliatuko ditugu, baina hobetuta. Bien bitartean, berme-emaileagoak diren beste batzuk adostu eta sortuko ditugu, gizarte bidezkoago eta solidarioago bat eraikitzen jarraitzeko