ENERGIA, JASANGARRITASUNA ETA LURRALDE ANTOLAMENDUA

Elkarrekin Podemoseko Programa (deskargatu)

Giza komunitateak naturaren parte dira. Bertako ekosistemetan txertatzen dira, eta horietatik eskuratzen dituzte euren premiak asetzeko beharrezkoak dituzten baliabide guztiak; esan nahi baita, horixe da euskal gizarteak naturarekiko oreka eta harmonia bilatu behar dituen espazio fisiko eta ekologikoa.

Bizitza ulertzeko moduan aldaketa sakon bat egitea dakar horrek: beharrezkoa da naturarekiko interkonexio eta elkarrekiko mendekotasun sentimendu handiagoa izatea, bai eta bertan bizi diren gainerako izaki bizidunekiko ere.

Gure hauteskunde programan, bizitzaren ikuspegiaren aldaketa horrek aldatu egiten du, halaber, lurraldearen erabilerari, kutsaduraren aurkako borrokari, biodibertsitateari, naturaguneei edo animaliei ematen diegun tratuari begira dugun ikuspegia.

Gure gizartea jasangarria izango den egoera honelakotzat daukagu: giza premiak asetzeko baliabideen kontsumoak ez du gainditu behar ekosistemen berrezartze gaitasuna, eta are gehiago, sistema horretan ekonomiaren funtzionamenduak, ahal duen heinean, sistema naturalek jarduten duten moduaren antzekoa izan beharko du. Hori posible izateko, beharrezkoa da gaur egungo kontsumo mailak nabarmen murriztea, bai eta gure lurraldearen baliabide berekietara behar bezala egokitzea ere.

Horregatik, Jasangarritasunaren Euskal Behatoki bat sortuko dugu, jasangarritasuna modu global, erreal, egiazko eta independente batean aztertzeko asmoz.

Ingurumen aldaketa orokor bat bultzatzen ari gara, eta hori sakonetik aldatzen ari da orain arte ezagutu izan dugun biosfera. Biodibertsitatearen galera, klima aldaketa antropogenikoa, oinarrizko lehengai batzuk agortzea eta nitrogeno zikloaren alterazioa ditugu, besteak beste, dagoeneko urratzen ari garen mugetako batzuk.

Gure ekonomia planetaren mugen barnean garatzeak duen garrantziaz zenbat eta lehenago jabetu-muga batzuk dagoeneko gainditu ditugu—, orduan eta lehenago hasiko gara oraingo eredua eredu jasangarriago, ekitatiboago eta demokratikoago bihurtzen. Aldaketa horretan aurrera egin gabe igarotzen dugun minutu bakoitzeko, orduan eta zailagoa, gogorragoa eta garestiagoa egingo zaigu aldaketa.

Giza ekonomia bideragarria izango da, hain zuzen, ekonomia gai bada ekosistemek antolatzeko erabiltzen dituzten parametroekin funtzionatzeko. Hala, irizpide hauei erantzun beharko die:

Materialen eta uraren zikloak itxi, eta energia zein material kontsumoa murriztea.

Energia hornidura ingurumen inpaktu txikia duten iturri berriztagarrietatik etor dadila lortzea.

Ekoizpenaren eta kontsumoaren arteko distantziak murriztea.

Ekoizpenaren eta kontsumoaren arteko oreka ezarri eta bermatuko duten mekanismoak berreskuratzea.

Badaude ildo horretan garatutako teoriak eta praktikak (esaterako, ekonomia ekologikoa edo ekonomia berdea), eredu ekonomiko jasangarrien bideragarritasuna frogatzen dutenak. Elkarrekin Podemosek honako irizpide hauek txertatuko ditu bere ekintza politikoan, eta gauza komunen defentsan lan egingo du, gizarte justizian, demokrazia parte-hartzailean eta ekonomia jasangarrian oinarritutako eredu baten aldeko apustua eginez (eredu horrek, aldi berean, enplegu aukerak sortuko ditu):

Mugikortasun jasangarria (motorrik gabeko garraioa eta garraio publikoa).

Etxebizitzak energia aurrezpenerako eta bioeraikuntzako irizpideen arabera eraberritzea.

Biodibertsitatea babestea eta lehengoratzea.

Nekazaritza ekologikoa eta turismo jasangarria.