GAZTEEN ENPLEGUA

Elkarrekin Podemoseko Programa (deskargatu)

Hauek dira gazteen lan egoeraren ezaugarri nagusiak: prekarietate handia, jarduera tasa txikia zein langabezia tasa handia, eta eskuratutako prestakuntzaren eta diharduten lanpostuen kualifikazioaren arteko deskonexioa. Beharrezkoa da gazteengan eragina izango duten neurri orokorrak sustatzea, bai eta I+G+B arloan inbertsio handiagoa egitea, kontratazioan iruzurra esestea, lan eskubideei buruzko informazio gehiago ematea eta hitzarmen kolektiboetan gazteek toki handiagoa izan dezaten bultzatzea ere.

Modu espezifikoagoan, Elkarrekin Podemosetik proposatzen dugu txanda kontratua indartzea belaunaldien arteko elkartasun tresna gisa eta, hartara, gazteen enplegua ugaritzea eta hobetzea.

Funts publiko bat sortuko dugu, kreditu bigunak bermatzeko eta errazteko eta autoenplegua nahi duten edo kooperatibak eratu nahi dituzten gazteei aholkularitza emateko. Gazteen nekazaritza ustiategiak babestuko ditugu diru laguntzekin, kredituekin eta lur lagapenekin. Gazteen Enplegurako Plan Bereziak sustatuko ditugu Euskadiko langabezia indize handieneko eremuetan.

Lanaldia eta ikasketak bateratzeko kontratuak sustatuko ditugu eta, batez ere, azken horiek bermatuko ditugu. Enpresetan prestakuntza praktikak egiteko programak babestuko ditugu, administrazioaren, erakunde sindikalen eta patronalen ikuskaritzapean, enplegu ezkutuak izan ez daitezen. Prestakuntza arautuan, gizarte eta lan arloko gaiei buruzko moduluak indartuko ditugu, eta gizarte eragileek bertan parte har dezaten bultzatuko dugu.