ENPLEGU POLITIKA

Ezaugarri hauek izango dituen enplegu politika baten aldeko apustua egingo dugu:

Pixkanaka aurrera egitea, 35 lanorduko jarduna aplikatzera iritsi arte, soldata murrizketarik gabe. Horixe izango da enplegua sortzeko eta errentak banatzeko neurria, nola sektore publikoan, hala pribatuan, kontratu publikoetako gizarte klausulen bitartez. Kontratu berriak sortzearekin lotutako lanaldi murrizketak sustatuko dituzten politika publikoak txertatzea (txanda kontratuak, etab.).

Gobernu zentralari eskatuko diogu Zapateroren eta Raxoiren gobernuek onartutako lan erreformak indargabetzeko eta lan ikuskaritzak ugaltzeko, enpresa gehiegikeriak esesteko asmoz. Berebiziko arreta eskainiko diegu landa eremuei eta kualifikazio txikiko enpleguei, horietan gertatzen baitira gehiegikeria gehienak.

Langabeziaren aurkako borroka plana. Horretarako, mendekotasuna, hezkuntza, osasuna, energia berriztagarriak, kooperatibak, garraio publikoa eta pareko sektoreetara bideratutako zerbitzu publikoetan egin beharreko gastua handitu beharko da.

Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren Legea, lan baldintzen negoziazio eskubideak eta hitzartutakoa beteko dela bermatzen dituena, eta gehieneko soldatak arautzen dituena.

Osasuna, hezkuntza eta bestelako zerbitzu publikoak indartzea, gaur egun sarraskituta dauden langile taldeak handituz eta, era horretan, kalitate handiagoko zerbitzua, arreta pertsonalizatuagoa eskainiko duena, bermatzea.

Kooperatibismoa sustatzea eta langile horiei babesa ematea krisialdian murgilduta dituzten enpresak berreskura eta kudea ditzaten. “Ondasun komunaren ekonomia” izeneko ekimenak babestea.

Sindikatuekiko elkarrizketa. Horixe izango da enplegu politiken giltzarria; hala, horien gomendioei jarraitu beharko zaie, nola enpleguaren kalitatea hobetzeko, hala langabeziari aurre egiteko. Ildo horretan, hauxe gure proposamena:

Enplegu duinak eskatzen ditugu; alegia, egonkorrak, ziurrak eta eskubidedunak. Horrek ezinbestean dakar politikak hitzartzean eskakizun hori kontuan hartzea, enplegu publikoetan, enplegua pizteko politiketan, zerga politiketan edo administrazioek inbertsioa bultzatzeko eta kontratazioak egiteko lantzen dituzten politiketan.

Garrantzitsua da enpresek txanda kontratua erabil dezaten bultzatzea, eta hori belaunaldien arteko elkartasunerako egiazko tresna bat izatea, gazteen alde jokatuz. Hala, erakundetik erretiroa hartzeko adina aurreratzea sustatuko dugu, eta kontratazio finkoko baldintza beretan pertsona gazte bat kontratatzea erretiroa hartu duen pertsonaren tokian. Administrazio publikoek lana banatzeko programak ezartzea bultzatu beharko dute.

Langile taldeen tamaina dela tarteko, beharrezko doitzeak egin ditzakete, eta ordainsarien mailari esker, pertsona ugarik eska dezakete lanaldi murriztuetan jardutea edo lan utzialdia egitea. Kontratazio publiko berriak astean 32 orduko lanaldietan finkatu beharko dira. Beharrezkoa da lan eskaintza publikoak indarberritzea eta, horrela, aurre egitea zerbitzuak enpresa pribatuei azpikontratatzeari eta amortizatzeari, non lan prekario eta gaizki ordainduak baitira nagusi. Lan bizitza eta bizitza pertsonala kontziliatzea. 0 urtetik aurrerako haurrentzako eskolen sare publiko bat sortzea, dauden premiak asetzeko.

Lan bizitza eta bizitza pertsonala kontziliatzeko zerbitzu publikoak sortzeaz gainera, bestelako neurri batzuk ere bultzatu behar dira; hala nola lan utzialdietarako, murrizketetarako eta ordutegiak malgutzeko baldintzak hobetzeko neurriak. Amatasun eta aitatasun baimena ere handitu egin beharko litzateke.