HEZKUNTZARAKO ESKUBIDEA

Elkarrekin Podemos gizartea eraldatzeko tresna bat da, eta politika jendeari itzultzea da bere nortasunaren ikur nagusietako bat. Horrekin lotuta, pertsonak protagonistatzat joko dituen hezkuntza sistema bat behar dugu, haurrak etorkizunean herritar kritiko, aktibo eta parte hartzaile izatea bultzatuko duena. Nolanahi ere, buru belarri sartuta gaude krisi eta akidura seinale argiak ageri dituen eta zaharkitzetik ateratzeko goitik beherako eraldaketa behar duela begi bistakoa den hezkuntza sistema global batean. Krisi global eta aldaketa prozesu horretan sartuta dago gure euskal hezkuntza sistema ere. Euskadi errealitate sozial eta politiko bat da, berezko ezaugarriak ditu, eta horregatik behar ditu jarduteko neurri espezifikoak.

Hezkuntza arloko oinarrizko eta inspirazio printzipioak:

Hezkuntza publikoa Euskal Hezkuntza Sistemaren ardatz gisa. Hezkuntza zerbitzu publikoa da guretzat, eta haren amaierako bermatzailea, estatua. Hezkuntza guztien ongirako zerbitzua da, eta ez du egon behar eskaintza-eskariaren legearen mende. Euskal Hezkuntza Sistemaren ardatz izango den hezkuntza publikoaren alde egiten dugu. Hezkuntza berdintasunezkoa eta ekitatiboa.

Kalitatezko hezkuntza publikoa. Egia da azken urteetan aurrera egin dugula hezkuntza sistema ekitatiboago baterantz, baina hezkuntzaren kalitatea eta eraginkortasuna hobetu beharra dago dauden desorekak konpentsatu ahal izateko.

Hezkuntza publiko integrala. Pertsona bakoitzaren dimentsio eta adimen anitzak aintzat hartuko dituen hezkuntza bat. Horrek ez du esan nahi erlijioari eta haren dimentsio desberdinei erreparatuko ez zaienik, baina erlijioen irakaskuntza konfesionala eskola publikoetatik atera beharra dago.

Hezkuntza publiko parte hartzailea eta batera sortua. Hezkuntza komunitatearen zati diren eragile guztien inplikazioa izango duen hezkuntza baten alde egiten dugu (familiak, irakasleak, adituak, ikasleak eta abar).

Hezkuntza publiko berritzailea. Hezkuntza berritzailea eta XXI. mendeko premiei egokiturikoa, bai maila metodologikoan, bai antolakuntza mailan. Horrek esan nahi du gizarte ekitate handiagoa bultzatuko duten ikaskuntzaren ingurune eta ikuspegi berriei erreparatu behar diegula.

Hezkuntza publiko inklusiboa. Guztiontzako eskola. Elkarrekin Podemoseko kideok aberastasun iturri gisa ikusten dugu aniztasuna, eta ez gatazka edo arazo gisa.

Honako premisa hauek ditugu abiapuntu:

Euskal hezkuntza sistemak nolabaiteko ospea du Estatuan, Estatuko batez bestekoaren gainetik –eta batzuetan Europakoaren gainetik– dauden zenbait adierazle baitaude gure lurraldean. Horien artean dira DBHko eskola arrakastari buruzko tasak, eskola uzten dutenen kopuru txikiak, 30 eta 34 urte arteko biztanleen goi mailako prestakuntza, edo eskolatze garaiaren hedapena Haur Hezkuntzan. Lanbide Heziketak ere ospe handia du. Aurreko guztia hein batean egia bada ere, itzal handia egiten diguten hainbat alderdi ere badaude, hezkuntza sistemari buruz gure klase politikoak duen autokonplazentziarako joera zalantzan jartzen dutenak.

Ikasle bakoitzeko inbertsio mailak –hezkuntzari eskainitako BPGaren zati txikia gorabehera– hezkuntzako gastu horren eraginkortasunari buruz galde egitera behartzen gaitu. Diagnostikoa egiteko ebaluazioaren emaitzek aditzera ematen digute emaitzak geratuta daudela, edo behera egin dutela, adibidez, euskarari buruzko konpetentzian. Nazioarteko ebaluazioek itzultzen diguten irudia ekitate maila onargarriak dituen sistema batena da, baina kalitatean hobetzeko tarte handia duena aurretik. Bi saretan banatuta egotea osagarritasun ideia gisa saltzen digute, baina, egiaz, segregazioa dago, eta zenbait ikastetxetan marjinalitate izatera ere iristen da. Izan ere, dagoeneko 1991. urtean ghetto bilakatzeko egoera larrian ziren 84 ikastetxe identifikatu zituen Arartekoak.

LOGSEren berregituratzea amaitu zenetik, mende honetako lehen hamabost urteetan, nolabaiteko lozorroan eta konformismoan sartu da euskal sistema, eta ezinbestekoa da hortik ateratzea.

Horretarako gauza bakarra behar da, politika eta gizartea ulertzeko gure moduarekin konektatuta egongo den birsorkuntza prozesu bati ekin eta eustea, honako hauek izanik ardatz nagusiak: ekitatea, parte hartzea eta berrikuntza. Ekitateak bilatzen du hezkuntza arloan ez birsortzea gizarte desorekako espiralak, baizik eta politika kementsua praktikatzea, hezkuntza konpentsazioaren eta justiziaren zerbitzura jartzeko. Euskadi hezkuntza pribatuari diru-laguntza gehien ematen dion Europako lurraldeetako bat da. Belgikan, esaterako, lehen hezkuntzako eta DBHko ikasleen % 57 itunpeko ikastetxe pribatuetan biltzen da. Euskadiren kasuan ikasleen % 50 dago egoera horretan. Ikasle kopuru handi bat itunpeko ikastetxe pribatuetan duen hirugarren herrialdea Espainia da, % 28arekin. Egoera horrek errentaren araberako gizarte segregazioa eragiten du, eta segregazio hori lan eremura igarotzen da, baita pertsonen garapenerako aukeren eremura ere, aukera berdintasuna hautsita. Egoera hori aldatzen ez den bitartean, eskolak gizarteko desorekak iraunarazten jarraituko du.

Parte hartzearen bitartez hitza eman nahi diegu hezkuntza arloan protagonista direnei (irakasleak, ikasleak, familiak, ikastetxeak...). Ezinbestekoa da adostasun zabalak eraikitzea komunitatearen barruan, parte hartze oinarri handi batekin. Horrek isla izan behar du metodologietan, lehentasuna emanik ikaskuntza interaktibo eta dialogikoei.

Hezkuntza erakundeen geldialdi larriko une honetan, irauli egin behar dugu gure eskola sistema eta berrikuntza pedagogikoa eta teknologia digitalen eta Interneten erabilera sustatu, baita eleaniztasuna ere, hezkuntzaren ikuskera berri baten barruan.

Ekitate-inklusio, parte hartze eta berrikuntzako ardatz horien inguruan bilduko dira arlo bakoitzeko neurriak: hezkuntza sistema, ikastetxea, irakasleak, ikasleak eta irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak.

  • Eskola ekitatiboa
  • Eskola parte hartzailea
  • Eskola berritzailea
  • Unibertsitateak eta Ikerketa

Web mapa Web mapa