ECONOMIA, ZERGA POLITIKA ETA PRODUKZIO EREDUA

Elkarrekin Podemoseko Programa (deskargatu)

Zeinahi gizarteren eraikuntzaren giltza da ekonomia. Erronka zail baten aurrean gaude egun Euskadin: gure ekonomia merkatu globalaren barruan kudeatzea. Izan ere, erabaki politikoak eta ekonomikoak hartzen diren guneak han eta hemen banatuak dira munduan zehar, eta merkatuko interesguneak etengabe ari dira lekuz aldatzen. Ekonomia arautzen duten legeek kapital handien interesak babesten dituzte eta, horrenbestez, nazioarteko merkatuko gorabeheren mendean gerta liteke gurea bezalako ekonomia txiki bat. Eta halaxe gertatzen ari da. Gainera, berealdiko eragina dute, esan gabe doa, gorabehera horiek gure bizitzan, lana/langabezia dinamikaren bitartez adibidez, eta horregatik kapital handietarako transferentzia kuota bat ezartzea proposatzen dugu. Egoera horretan, guztiz murrizturik ageri zaigu Ongizate Estatua, orain arte bideratu diren politiken ondorioz. Eskubideak, erosteko ahalmena eta bizi kalitatea galdu ditugu, inondik ere, krisi urte hauetan.

Egungo egoera dela eta, ikuspegi berri baten ildotik heldu behar zaio euskal ekonomiari, gure etorkizuna jokoan dagoen presente bihurri hau egokiro, merkatu globalaren eta EBren eragina ahantzi gabe, aztertuko badugu. Ikuspegi horren oinarrian dago belaunaldiarteko korronte sendo bat, arazoen egiazko sorburuaren gaineko kontzientziaz jabetu dena eta politikan etika eta gardentasuna bilatzen dituena.