Edukira joan

NATURAKO BALIOBIDEEN KUDEAKETA

Elkarrekin Podemoseko Programa (deskargatu)

Nekazaritza eta abeltzaintza

% 1etik beherako balioa aurkezten digute nekazaritzak eta abeltzaintzak BPGn. Hala eta guztiz ere, funtsezko papera jokatzen dute lurraldearen kudeaketan eta arlo estrategikoa osatzen dute EAEn. Laborantzaren arloan, arazo bat baino gehiagorekin egiten dugu topo EAEn: gero eta lur gehiago erabiltzen da laborantza intentsiborako, segidarik ez dago belaunaldien artean, ongarri eta produktu fitosanitarioen erabilera (kaltegarriak dira horietako asko, hala lurrean lanean ari diren pertsonentzat nola gerokoan lurraren produktuak kontsumituko dituztenentzat) eta lurren erabilera aldaketa, zoru urbanizagarri bihurtzeko. Abeltzaintzaren arloko egoera ere ez da askoz hobeagoa. Genetikoki aldarazitako espezieetatik abiaturik landuriko pentsuen inportazio masiboak (pentsu transgenikoak) eta aziendaren ukuiluratzeak, haren produktibitatea areagotzeko, inolaz ere ez dizkie baserritarrei salmentan halako irabazi nabariak sorrarazi. Aitzitik, are eta larriagoa da urtetik urtera haragi eta esne arloen egoera eta, okerrago dena, ez dago egoera hobetuko den itxaropenik, arlo horretako produkzio gehiena estentsiboa izanagatik ere.

Euskal nekazaritza eta abeltzaintza arloaren egoera horren erantzule handienak dira, inolaz ere, nekazaritza elikagaien industriako eta banaketaren arloko korporazio handiak, bestela jokatuz gero bertako ekonomietan geldituko litzatekeen etekinaren zati handiena daramatelako eta elikagai merkeen inportazio masiboa bultzatzen ari direlako, elikagai horien prezioak jatorrian eta salmenta-tokietan komenentziaren arabera finkatzea beste helbururik ez dutela. Eredu honen aurrean, laborantza eta abeltzaintza ekologikoetarako trantsizioa bultzatu nahi du Elkarrekin Podemosek. Nekazaritza modu berria askotarikoa izango da eta ez horren intentsiboa sargaien arloan, lurra babestuko du eta kalitatezko elikagai osasuntsuak sortzeko gauza izango da, enpleguan intentsiboki jokatuko du eta etekinak bertako ekonomietan gelditzeko aukera emango du. Gure egiten ditugu Elikadura Subiranotasunaren eta beste Nekazaritza Politika Komunaren aldeko mugimendu europarraren proposamenak.Elkarrekin Podemosek hautu garbia egingo du ekosistema errespetatzen duen arrantza kudeaketa moduen alde, joak diren espezie eta habitatak babesten laguntzeko, espezie guztien populazioari maila oparoan eutsi ahal izateko, gizarte eta ekonomiaren araberako beharretan modu justu eta arduratsuan jarduteko eta, arrantza gunetik salmenta guneraino, eginiko arrantzen jatorriaren berri zehatza emateko. Horrexegatik da gure uztez funtsezkoa gure baxurako flota babestea

Basoen kudeaketa

Baso politikaren arloan, lurra, basoa, biodibertsitatea eta paisaiak babestuko dituen basogintza iraunkorra da gure helburua. Hau da, Euskadin azken hamarkada hauetan bideratu dena ez bestelako baso politika proposatzen dugu.

Itsasoko baliabideak

Arrantza politikari dagokionez, garbi dago enplegu iturri garrantzitsua dela altura arrantza flota (Bermeo, Ondarroa, Pasaia). Hala eta guztiz ere, han eta hemen, ozeanoetan barrena, dauden arrantza guneetako espezieen akabatze prozesua areagotzen ari da, ezbairik gabe, ontzi horien jarduna, Kantauri itsasoko itsas ekosistema ahitu eta gero. Aldiz, gure baxurako arrantza flota, intentsiboagoa eskulanari dagokionez eta, printzipioz behinik behin, ez horren kaltegarria itsas ekosistemen aurrean (Mutriku, Orio, Getaria), azkenetan dago, itolarrian, Europar Batasunaren utzikeriaren eta merkatu libreak inposatzen dituen prezioen artean.

Bestalde, kontrol zorrotzaren pean egongo da betiere alturako euskal flota, nazioarteko arrantza arauen begiratze arduratsua, arrantza guneen ustiatze iraunkorra eta jardueran hurbiletik ukituriko herrialdeen interes sozioekonomikoen errespetua ziurtatzeko. Gure ustez, honako lan ildo hauek hartu behar dira bereziki aintzat, eta praktikara eraman.