INDUSTRIA POLITIKA

Elkarrekin Podemoseko Programa (deskargatu)

Bizi dugun krisi sistemiko honen ondorioetako bat dugu industria ekoizpenaren moteltze gero eta handiagoa, planeta osoan gertatzen ari dena. Saihestezinak dira haren ondorioak: produkzio-guneen itxiera, produkzioaren lekualdatzea, eskulan merkeagoko lurraldeetan dauden gune berrietara, lan baldintza gero eta eskasagoak eta enpresa ahulenak nazioen gaineko izaera duten industria korporazio handien eskuetan geratzea.

Euskadin bizi-bizi ari da prozesu hau guztia bertako ekonomia eta industria sarea kolpatzen, halaxe gertatzen ari da 2008. urtetik. Izan ere, esportazio guztien % 60 inguru eta ondasun eta zerbitzuen ekoizpenetik datorren aberastasun materialaren % 20tik gora hartzen ditu euskal industriak. Horrexegatik behar dugu, luzapenetan ibili gabe, Eusko Jaurlaritzak egun arte bideratu duen industria politika aldatu eta beste bat bultzatu. Hona hemen orain arteko politika zertan oinarritu den:

Produktibitatearen hazkundea, ekoizpenerako gaitasuna eta industria guneen tamaina arian-arian handiagotuz. Zera ekarri du dinamika horrek azkenean, ekoizpenerako gaitasun handiegia mundu mailan, industria sektore gehienetan. 

Industria kostuen gizarteratzea, laneko eta langileen eskubideak murriztuz, laguntza zerbitzuak azpikontratatuz, zerbitzu publikoek lanbide heziketarako kostu guztiak (Lanbide, Gizarte Segurantza, Hezkuntza Saila…) bere gain hartuz. 

Kanpoko kapitala euskal industria sarean sartzeko laguntza eta sustapena. Horrenbestez galdu da industria proiektu estrategikoen gaineko kontrola eta lekuz aldatu dira euskal industriaren zati guztiz esanguratsu batzuen erabaki-guneak. 

Nazioarteratze prozesuak, balio erantsi txikiagoko industria jarduera lekuz aldatua izateko eta, horrenbestez, euskal lurraldean erroturiko enplegua murrizteko diseinatuak.

Esportazio jardueraren sostengu baldintzarik gabea. Jarduera hori bereziki orientatu da merkatu ageri berrietarantz (Latinoamerika, Asia), merkatu hurbilagoetan halako egokierarik ez zuen produkzioari begira, eta alde bat utzi da, nolabait, dagoeneko sendotuak diren merkatu lehiakorretan (Europa, Ipar Amerika) produktu berritzaileak plazaratzeko aukera.

Egungo krisi ekonomikoak erakutsi digun bezala, maila gero eta txikiagoetara egokitu eta berregituratu beharko da industria ondasunen ekoizpena, ekonomia oparoenak (Japonia, Europa, Ipar Amerika) hazkunde ondoko fase batean sartzen ari direlako, eta ekonomia ageri berri deituetako populazioak (BRICS herrialdeak, Hego Amerika) ez direlako ekonomia garatuek 1970. eta 1980. urteetako hamarkadetan, kontsumo gizartea hedatu zen garaian, zeuzkaten baliabide ekonomikoen jabe. Aitzitik, gizarte horietan oso handiak dira desoreka sozialak eta egundainokoa, halaber, haietan dagoen pobrezia maila; halatan, industria ekoizpena maila globalean bizkortu ahal izatetik urrun, ekonomia garatuek, hau da, orain arte kostu apaleko produktuak hornitu dizkieten herrialdeek, bizi duten krisiaren ondorioak pairatuko dituzte herrialde horiek ere beren baitan.

Guztiz premiazkoa da, beraz, euskal industria politika berrorientatzea, zalantzaz beteriko panorama global honen erdian, industria ekoizpena epe luzean oinarri sendoagoz eta iraunkorragoz berrorientatzeko gauza izan dadin.