ZERGA POLITIKA

Elkarrekin Podemoseko Programa (deskargatu)

Egungo zerga eredua injustua da alderdi sozialean eta gainera ez du eraginik ekonomian, Euskadiko zerbitzuen eta jardueren finantzazioa ziurtatzeko aski ez den aldetik.

Kotizazio sozialik gabe, 28koen EBren batez bestekoa baino BPGren % 6 apalagoa da euskal presio fiskala. Europako beste herrialdeenaren antzeko presio fiskala bideratuz gero, 4.000 milioi euro gehiago lortuko lirateke eta, murrizketa sozialak saihesteaz gainera, baliabideak ere edukiko genituzke produkzio eta garapen eredu berriaren aldeko inbertsioak egiteko.

Beharrezkoa da zuzentasunean oinarrituriko erreforma fiskala, hau da, zergak aberastasunaren arabera modu progresiboan biltzea. Areago Euskadin, gure autonomia fiskalak aukera ematen baitigu zergen bilketa Estatuko gainerakoengandik bereiz bideratzeko. Zerga biltzeko araudia harmonizatzeko gaitasunaren jabe da gaurgero Eusko Legebiltzarra, ez du horretarako instituzio-arkitektura (LHL) aldatu behar, eta badu, gainera, baliabideak emendatzeen bitartez lortzeko aukera. Ondoren zehaztuko diren hainbat esparrutan jardun beharra dago erreforma honi begira.

Erreforma fiskalaren beharra arnasten da euskal gizartean, alderdi politikoetan, unibertsitateetan, gizarte mugimenduetan, sindikatuetan eta herritarren artean, ezinbestekoa baita urrats hori Euskadi justuago, zuzenago eta iraunkorrago baterako urratsak egingo baditugu. Sistema injustua sortu du euskal zerga bilketa ereduak, eta handiak dira hartan iruzur mailak. Egungo eredu honek, bilketa arazo larriak ditu gainera, epe labur-ertainean konpondu beharreko arazoak inolaz ere, gizarte zerbitzuetako murrizketak baititugu haien zuzeneko ondorioak. Krisi garai honetan, galera handiak erakarri dizkiete murrizketa horiek langile klaseei bizi kalitatean.

Oinarritzat hartu dugun txosten batek (EAEko zerga erreforma baterako oinarriak, Eusko Jaurlaritzak UPV-EHUko Ekonomia Departamentuari eskatua eta izen handiko lan-talde batek aurkeztua) xehe-xehe azaldu du pertsona fisiko eta enpresentzat aintzat harturiko kenketa eta hobari askoren izaera batere ez dela soziala eta bai, ordea, erregresiboa praktikan. Horrez gainera, diseinuan eta kudeaketan injustutzat jo du txosten horrek euskal zerga sistema, eta iruzur fiskalerako bidea errazten duela ere gaineratu du. Bestalde, argi eta garbi ohartarazi du aintzat hartua duen prestazio sistema epe ertainean biderik gabe gertatuko dela.

Neurri sozialen bitartez handiagotu behar dugu bilketa, iruzur fiskalaren aurka borrokatu, administrazioan alferrikako gastuak hauteman eta baztertu, eta birbanaketarako politikak hobetu. Erabaki ekonomikoetan gardentasuna eta gizarte oreka eskatzen ditu inolaz ere etorkizunak, Euskadi berria eraikiko badugu. Elkarrekin Podemosek gizarte etikan eta egun erregresiboak diren zergen egiazko izaera progresiboan oinarrituriko ekonomia fiskalaren aldeko apustu egiten du argi eta garbi, jendearengandik hurbilago eta interes pribatuen eta krisi ekonomiko globalen atzaparretatik gero eta askeago jardungo duen euskal ekonomia justuagoa sortzeko.

Jakin nahi duenak jakin dezan, guztiz azpimarra beharra dago, bestalde, zergen arloko eskumenak Foru Aldundien esku daudela neurri handian, eta haiekin batera lan egiteko konpromisoa hartu dugula, proposamen ekonomiko hauek gauzatu ahal izateko.