BESTELAKOTASUN FUNTZIONALA

Elkarrekin Podemoseko Programa (deskargatu)

Herritarren zerbitzurako tresna izateko helburuaz sortu da Elkarrekin Podemos, Giza Eskubideen errespetua eta defentsa eguneroko errealitatea izango diren gizarte justuago eta inklusiboago bat eraikitzeko. Bestelakotasun funtzionalaren arloan aurkeztu dugun programak bereziki proposatzen du bestelako funtzionaltasuna duten pertsonak beren bizitzen eta erabakien jabe bihurtuko dituzten politiketan zentratu beharra, pertsona horiek jasaten dituzten estereotipo, hesi eta diskriminazioaren aurkako borroka alboratu gabe.

Bestelakotasun funtzionalaren esparruan eztabaidan edo lanean hasteko unean bideratzen diren moduak eta paradigmak aldatzeko premia larria bizi dugu une honetan: Ziklo aldaketa gauzatu ahal izateko, guztiz ulertu eta praktikara eraman beharra dago kolektiboa aspaldidanik galde egiten ari den “gu gabe ezer ere ez guretzat” delakoa. Gizarte zibila eta elkarte mugimenduak urte askoan izan dira kolektibo honen aldarrikapenen aldeko abangoardia. Iritsi da aldarrikapenak eta haien aldeko elkarte sarearen esperientzia aintzat hartzeko unea, esparru guztietan askotariko proposamen positiboak egin ahal izateko.

Bestelakotasun funtzionalaren gaineko politikek guztiz bultzatu behar dute eztabaida honen muinean pertsona eta pertsonak bere erabakiak hartzeko duen eskubidea egon daitezela: premiazkoa da kolektiboaren diskriminazioari eta haurtzat hartzeari azkena ematea, eta bestelako funtzionaltasuna duen pertsona bere bizitzaren eta bere erabakien jabe izatean baizik ez da hori erdietsi ahal izango.