HEZKUNTZARAKO ESKUBIDEA

 

Elkarrekin Podemoseko Programa (deskargatu)

Jarduera fisikoa eta kirola egitea sustatuko dugu herritar guztien artean eta baldintza berdinetan, genero, adin, jatorri nahiz egoera ekonomiko desorekatuak izan ez daitezen. Behar diren baliabideak bermatuko dizkiegu herritarrei edozein jarduera fisiko edo kirol modu egokian eta arduratsuan erabaki eta egin dezaten eta kirola eginez ohitura autonomoak, iraunkorrak eta osasuntsuak beren egin ditzaten.

Herritarrentzako jarduera fisikoa, kirola eta bizi kalitatea sustatzeko programa berriak sustatuko ditugu, eta dauden programak berrikusiko ditugu nazioarteko erakundeek adin talde bakoitzari eta herritarren tipologiari begira emandako gomendioetara egokitzeko xedean. Osasun egoera ona edukitzeko beharrezkoa den gutxieneko jarduera fisikoa edo kirola egitea izango dute xede programa horiek, betiere Munduko Osasun Erakundeak (MOE) 2010. urtean finkatutakoari jarraiki; horren arabera, arreta berezia jarri behar da adingabeekin, eta zahartze aktiboa sustatu behar da.

Hobetu egingo dugu indarrean dagoen legeria, eta hura zabalduko dugu kirolaren eta jarduera fisikoaren lanbideak arautzeko xedean, jarduera profesionala antolatzeko eta arautzeko eta, aldi berean, arlo horretan lan baldintza egokiak ziurtatzeko, araudiak beteko direla bermatzeko eta ezkutuko enplegua ezerezean uzteko. Ezinbestekoa da kirola eta jarduera fisikoa egitean segurtasuna bultzatzea eta kirolari lotutako zerbitzuetan kalitatea eta gardentasuna bermatzea.

Osasun eta kirol arloen arteko lankidetza sustatuko dugu kirola prebentziozko tresna gisa eta osasun arazoak tratatzeko tresna gisa erabili ahal izateko. Zentzu horretan, behar diren bitartekoak prestatuko ditugu osasun arloko profesionalek aukera izan dezaten beren eriak jarduera fisiko eta kirol arloetako profesionalek zuzendutako jarduera fisiko osasungarriko programetara bideratzeko.

Kirol zentroetan desfibriladoreak instalatzea proposatuko dugu, bihotz geldialdiak gertatzen diren kasuetan arreta goiztiarra bermatzeko eta kaltetua bere onera etortzeko aukerak emendatzeko.

Zigor positiboen sistema bat sortuko dugu beren jarduera esparruetan genero berdintasuna bermatzeko planak lantzen eta txertatzen dituzten kirol federazioentzat eta/edo taldeentzat.